Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur goizean Moncloan egindako agerraldian iragarri du azaroaren 29ra aurreratuko dituela hauteskunde orokorrak, nahiz eta aurretik behin baino gehiagotan adierazi agintaldia amaitzeko asmoa zuela. Erabakiren atzean etxebizitzari buruzko bi dekretuk Kongresuan izandako porrota dago.
Erabaki hau hartu aurretik, asteburuan zehar Sanchezek egoera aztertu du hainbat ministro eta PSOEko buruzagirekin, eta alderditik zabaldu denez, gehienak hauteskundeak aurreratzearen alde agertu dira. Agerraldian, Sanchezek azpimarratu du Kongresuak "gehiengo aurrerakoi zabalagoa" behar duela pendiente dauden erreformak onartzeko eta Espainiaren eraldaketarekin jarraitzeko.
Gobernuak "akatsak" egin dituela aitortu badu ere, ohartarazi du herritarren babesa berritzeko garaia dela eta bi bide daudela aukeran: ultraeskuinaren olatua edo Espainia irekitasun zein justizia sozialaren gotorleku gisa mantentzea. Gainera, salatu du historia demokratikoko oposiziorik txarrena izan duela aurrez aurre; honek "zalantzan" jarri du hauteskunde sistemaren zilegitasuna eta blokeoa gailentzeko estrategia gisa erabili du.