Basquevolt enpresak bi emakume kaleratu eta zigortu dituela salatu du LAB sindikatuak prentsa ohar batean. Kaleratzeen atzean lan diskriminazio "arrazista, matxista, mairufobikoa eta islamofobikoa" dagoela esan du sindikatuak. Hartara, epaitegietan aurkeztu dute salaketa, eta urriaren 28an (kaleratzeagatiko epaiketaren egunean), 11:30ean, Gasteizko epaitegien aurrean kontzentrazioa deitu du.
Era berean, sindikatuak iragarri du kanpaina bati ekingo diola lan arrazakeria matxista, morofobiko eta islamofobikoa salatzeko.
Eztanda baten ondorioak
Litiozko bateriak ekoizten du Basquevolt enpresa eta Miñaoko parke teknologikoan kokatuta dago. LAB sindikatuak azaldu duenez, iragan apirilean, laborategietako batean leherketa bat gertatu zen, eta egun batzuetara, enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen "bidegabe". Sindikatuak azaldu duenez, eztandaren inguruan barne prozedura bat abiatu zuen enpresak, baina "aurreiritziz betea eta formaren aldetik ere funtsezko baldintzak betetzen ez dituena".
Prozedura horren ondorioz, zigor espediente bat martxan jarri zuen enpresak, eta bi langile kaleratu zituen. "Erabakiak inolako zehaztasunik ez duten ustezko gertaeren deskribapenean oinarrituta hartu ditu, eta horrek ondorio larriak ekarri ditu", esan du LABek.
Eta are gehiago, enpresa istripu hori "ezkutatzen" saiatu dela salatu du sindikatuak, zigor espedienteka martxan jarrita: "Zigorra jaso duten pertsonek ez zuten gertaerarekin zerikusirik izan. Eztandaren unean laborategian inor ez zegoela baieztatzera iritsi zen enpresa. Bada, hori gezurra da, bi pertsona horiek une horretan bertan baitzeuden".
LABek ziurtatu du zigor hori ez dela kasualitatea. "Biek laborategi horretan egiten zuten lan, eta horietako batek eman dio leherketaren berri enpresari. Era berean, ez da kasualitatea espedienteak zuzenean eta bakarrik haiek seinalatzea. Emakume langileak, migratuak, mairuak eta musulmanak dira".