2025ean Araban 138.316 tona hiri-hondakin sortu dira (404,24 kilo hondakin biztanle bakoitzeko urtean), hau da, %2,6ko hazkundea egon da 2024arekin alderatuta. Bestetik, arabarrek sortutako hondakinen %45 zabortegira bideratu da. Hau azken 15 urteetako kopururik baxuena bada ere, ez da nahikoa legeak ezarritako helburuak betetzeko. Izan ere, zabortegira %40 edo gutxiago botatzeko helburua ezarrita dago eta bakarrik 11 udalerrik lortu dute %40ko muga horren azpitik gelditzea.
Arabako Hiri-hondakinen Inbentarioaren 2025eko datuak ezagutzera eman ditu gaur Aldundiak. Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak alde positiboak nabarmendu ditu. Araban, biohondakinen bilketa %10 handitu dela azpimarratu du. "Aurrerapen hauek berresten dute ezarritako neurriak emaitzak ematen ari direla, eta norabide egokian goazela hurrengo urteetarako ezarritako birziklatze eta ekonomia zirkularreko helburuak lortzeko".
Zer bota dugu zaborrera?
Araba osoan bildutako hondakinen banaketa horrela geratu da:
- Nahasitako hondakinak (Errefusa / Edukiontzi grisa): 702,3 tona (%58,3)
- Papera eta kartoia: 650,1 tona (%9,9)
- Ontzi arinak -edukiontzi horia-: 708,1 tona (% 6,3)
- Beira -edukiontzi berdea-: 419,7 tona (% 6,1)
- Biohondakinak (zabor organikoa eta landare hondakinak): Etxeko organikoa: 122,2 tona (% 5,1), Konpostaje bidezko organikoa: 1.567,9 tona (% 1,1), landare hondakinak: 6.427,2 tona (% 4,6)
- Bolumen handikoak: 5.122,6 tona (% 3,7)
- Sukaldatzeko olio erabilera: 305,3 tona (% 0,2)
Zer bota du Kuadrilla bakoitzak?
- Gasteiz da lurraldeko hondakinen gehiena sortzen duena (% 71 inguru); paperean (368,6 tona), ontzi arinetan (6.341,1 tona) eta organikoan (5.511,1 tona).
- Aiaraldea bigarren biztanleria handiena izanik, paperean (186,8 tona) eta ontzi arinetan (833,8 tona) kopuru oso altuak ditu.
- Arabako Errioxan beiraren bilketa altua (639,7 tona) nabarmentzen da, kuadrillako beste frakzio birziklagarri guztiak baino handiagoa dena. Mahastizaintzaren eta turismoaren ondorioa da.
- Gorbeialdean eta Arabako Lautadan landare hondakinek eta konpostaje bidezko organikoek pisua handia dute, Garbiguneei eta konpostatze programei esker.
- Añanako Kuadrillak ere hondakin organikoen (694,4 tona) eta landare hondakinen (522,7 tona) bilketa nabarmena du landa eremuko garbiguneei esker.
- Arabako Mendialdea zabor gutxien sortzen duen eskualdea izan arren (2019,8 tona), beira (186,4 tona) eta bolumen handiko hondakinak (235,0 tona) dira bilketa bereizi nagusiak.
Zabor gehiena edukiontzi grisera bota dugu
Nahasitako hondakinek (errefusa) guztizkoaren %58,3 hartzen dute oraindik, eta bilketa bereizia %41,7ra iritsi da, "%40ko muga historikoa" gaindituz, baina oraindik 2035erako legeak ezartzen duen %50etik urrun. Dena dela, 14 udalerrik jada lortu dute helburu hori.
Añana eta Lautada, onenak
- Añana: Bilketa bereizi altuena (%52, 2035eko helburua lortuz) eta %50eko birziklatzea.
Errefusa %3 jaitsi da. Gaubea eta Iruña Oka eredu dira garbiguneei esker. - Aiaraldea: Bilketa bereizia %40ra iritsi da (muga historikoa gaindituz). Garbiguneko bolumen handiko hondakinak eta RAEEak asko igo dira
- Gorbeialdea: Bilketa bereizia %46ra iritsi da. Birziklatzea %44. Biohondakinetan eta paperean beherakadak erregistratu dira.
- Arabako Lautada: Bigarren kuadrilla bilketa bereizian (%50) eta %48ko birziklatzea: Burgu (%63), Zalduondo (%59) eta Asparrena (%55) puntakoak dira.
- Arabako Mendialdea: Bilketa bereizia %46 eta birziklatzea %44.
- Arabako Errioxa. Bilketa bereizia %38. Atez Ateko (PaP) sistemari esker, Kripan (%75) eta Eltziego (%60) zabor organikoaren birziklatze tasa gorenetan daude.
- Gasteiz: Bilketa bereizia %41. Konpostaje komunitarioak hazkunde handia izan du. Arabako joera orokorra markatzen du.
Birziklatzean hankamotz
Araudiak ezartzen duen birziklatzearen eta berrerabilpenaren helburuak ez dira bete. Arabako %40ko tasa %55eko legezko helburutik urrun dago. Nolanahi ere, zazpi udalerrik lortu dute helburu hau: Kripan (%75), Elburgo (%63), Gaubea (%61), Eltziego (%60), Zalduondo (%59), Iruña Oka (%56) eta Asparrena (%55).
Atalez atal, ontzi arinen birziklatzean Europako arauak eskatzen duen %65etik oso urrun dago herrialdea (%30). Aldiz, paperaren eta beiraren helburuak oso zabal bete dira. Paperak %77ko birziklatz-tasa lortu du eta beirak %72koa
Alde positiboan ere esan daiteke biohondakinetan egin dela aurrerapausorik handiena. Edukiontzi itxiek eta konpostajeak desegokien-tasa baxua (%5 inguru) bermatu dute.
- Ontzi arinak: Gabezia nagusietako bat da. Bilketa bereizian %2 soilik hazi da, gehiengoa errefusean amaitzen da eta birziklatze-tasa (%30) oso baxua da.
- Papera eta kartoia: Sendotu da bilketa (%77ko birziklatzea). Hainbat kuadrillatan jaitsiera txikiak egon dira Aldundiaren bilketa zerbitzuaren arazoengatik.
- Beira: Oso sendotua (%72ko birziklatzea). Bereziki azpimarragarria da Arabako Errioxan.