Patti Smith eta Bad Religion, Azkena Rocken 25. urteurrenerako

Anakoz Amenabar

Patti Smith. ARF

Ekainaren 17tik 19ra bitartean, besteak beste, Marilyn Manson, Slash eta Wilco hartuko ditu Mendizabala eremuan.

Mende laurden bat betetzea ez da egunero gertatzen, eta Azkena Rockek ozen ospatuko du. Ekainaren 17an, 18an eta 19an, Mendizabala eremua belaunaldi ezberdinen, musika sustraien eta rockaren aldaera guztien topagune bihurtuko da berriz ere. Aurten, gainera, erabat itxitako kartela aurkeztu dute, "genero, jarrera eta estilo ezberdinen arteko benetako zubia" dena.

Edizio berezi honetako erronka handiena hiru erreferente handi bilatzea izan da: Patti Smith, Bad Religion eta Slash ft. Myles Kennedy & The Conspirators. Poesia, jarrera eta rock kontrakulturala batu ditu beti Patti Smithek, eta, 2022ko kontzertuaren ondotik, Mendizabalara itzuliko da People Have the Power edo Because the Night bezalako ereserkiekin. Punkaren aldetik, Bad Religion taldeak lau hamarkadako abiadura, melodia eta kritika soziala ekarriko ditu berriro Gasteizera. Eta, aldi berean, Guns N’ Roses taldeko gitarrista ikonikoa, Slash, Myles Kennedyren ahotsarekin eta riff paregabeekin bueltatuko da 2010ean utzitako oroitzapen onen ondoren.

Ikuskizun ilun eta teatralena ere ez da faltako Marilyn Mansonekin eta Antichrist Superstar bezalako kantuekin. Bestalde, Wilco taldeak, Jeff Tweedy buru duela, rock alternatiboaren eta art-countryaren maisutasuna eskainiko du. Bitxikeria gisa, Billy Bragg ere kartel berean egonda, agian Wilcorekin izandako garaietako kolaboraziorako aukera izango da.

Sustraietara

Musika sustraiek eta estilo zabaleko ordezkariek pisu handia izango dute jaialdian. Hogei urteko etenaldiaren ondoren, 16 Horsepower taldeak bere unibertso iluna ekarriko du berriro oholtzara gothic americana estiloaren bidez. Horiekin batera arituko dira The Waterboys, Dave Alvin & The Guilty Ones, Old 97’s, American Aquarium, edota Beth Hart abeslaria.

Stoner doinuen aldetik, John Garciak (Kyuss) Palm Deserteko giroa piztuko du eta Rival Sons taldeak 70eko hamarkadako hard rock berriztua eta soula ekarriko ditu Mendizabalara. Punk, glam eta zarataren eremuan, berriz, Michael Monroe, Billy Talent, Super 400, The Drones, Cockney Rejects, Foxy Shazam eta Twin Temple arituko dira, Cala Vento bezalako talde indartsuekin eta The Clayton, BARRRK zein Marte Lasarte bezalako euskal ordezkariekin batera.

Trashville karpak izpiritu basatienaren babesleku izaten jarraituko du Los Straitjackets, Bob Log III edo Reverend Beat-Man bezalako izenekin, baita 2023an etorri ezinik geratu ziren Wild Billy Childish & CTMF taldearen atalarekin ere. Eta, gainera, 25. urteurreneko berritasun nagusia Strawhouse eszenatoki berria izango da, Nick Lowe, Dave Hause, Lilly Hiatt, Joana Serrat, Tulsa edo Hayseed Dixie bezalako artisten kontzertu akustikoak eta sustraidun musika hurbiletik gozatzeko pentsatua.

Dagoeneko eros daitezke bonuak azkenarockfestival.com webgunean. Gazte bonua (24 urtetik beherakoentzat), kuadrilla bonua eta zatikako ordainketa aukerak jarri dituzte eskura, eta 14 urtetik beherakoentzat sarrera doakoa izango da. Gainera, Euskal Herriko zein inguruko hiri nagusietatik autobusa antolatuko dute zuzenean Mendizabalara joan-etorria errazteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago