Araba Buru Batzarrak Ramiro Gonzalez proposatu du, beste behin, datozen foru hauteeskundetan EAJren aldetik diputatu nagusirako hautagaia izateko. Modu berean, egungo Batzar Nagusietarako presidente izateko Irma Basterra berretsi du Arabako jeltzaleen organo nagusiak.
Gonzalezen "ibilbide politiko eta instituzionala" nabarmendu du ABBk eta, "bereziki", azken legegintzaldietan izandako eskarmentua. "Araba Buru Batzarrak uste du metatutako esperientzia, Arabako errealitatearen ezagutza sakona eta ibilbide instituzionala oinarri sendoa direla Arabak aurrean dituen erronkei aurre egiteko eta lurralde kohesionatu baten alde lan egiten jarraitzeko", argudiatu du EAJren mahaiak. Besteak beste, "jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko gaitasuna" eta "kalitatezko zerbitzu publiko eta sozialak" nabarmendu du ABBren oharrak.
Alderdiaren oinarriei helarazi dien proposamenean, Irma Basterraren aldeko apustua berretsi du EAJk batzarretarako presidente izaten jarraitzeko, hauteskundeen ostean berriro gobernua eskuratuz gero. Horren alde ere "metatutako esperientzia" azpimarratu du oharrak.
Momentuz, alderdi bakoitzeko barne prozesuak gorabehera, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Araba dira beren hautagaiak modu publikoan aurkeztu dituzten bakarrak: Gonzalez, Eva Lopez de Arroiabe eta David Rodriguez. EH Bilduren hautagaitza da, momentuz, ofizialki oinarriek berretsitako bakarra, larunbatean alderdiak iragarritakoaren arabera.
Asteburuan jakin zen Iñaki Oiartzabalek ez duela berrituko PPren hautagaitzan, Miguel Tellado idazkari nagusiak hala esanda. Araban alderdia gidatzeko presidente berria azaroaren 14ako kongresu batean hautatuko dute. Alderdiak berak aurreratu du Iñaki Garcia Calvo izango dela presidentetzarako hautagai posibleena, baina Gasteizko Udalerako hautagaia izanik, alderdiak hautu hori aldatu edo hautagai berria aukeratu beharko luke Batzar Nagusietarako. PSE-EEk oraindik erabakitzeko du zerrenda burua, baina Jon Nogales da publikoki entzuten den apustu bakarra. Voxi dagokionez, berriz, alderdi ultraeskuindarrak oraindik ez du iragarri Jonathan Romerok zerrendaburu gisa errepikatuko ote duen.