Lopez Las Heras gailendu da Ernestina de Champourcin sariketan

Juanma Gallego

Maite Lopez Las Heras idazlea. AFA

'Ene onetsiari' poema bildumagatik saritu dute egile gipuzkoarra. Gaztelaniazko modalitatean Begoña M. Rueda jaendarra izan da garaile.

Maite Lopez Las Heras idazle, poeta eta itzultzaile gipuzkoarrak eskuratu du aurtengo Ernestina de Champourcin poesia lehiaketa euskarazko modalitatean, 41 poemaz osatutako Ene onetsiari lanagatik. Epaimahaiak "lanaren aberastasuna" goraipatu du. Diotenez, bilduman erabilitako irudietako batzuk ez dira "oso ohikoak" euskarazko literaturan. Zenbaitetan "tonu profetikoa" hartzen duela azaldu dute. 

Azkoitian 1985ean jaioa, Lopez Las Heras Filologia Klasikoan lizentziaduna da formazioz. Ofizioz, idazlea, poeta eta itzultzailea da, aldundiak berak emandako informazio biografikoaren arabera. Pienso, luego escribo izan zen bere lehen poema bilduma. Itzultzaile gisa,egile klasiko greko-latindarrak eta emakumeek idatzitako poesia euskarara ekarri ditu: besteak beste, Safo, poesia guztia eta Poetandreak literatura greko-latindarrean lanak ondo ditu. Entsegua ere jorratu ditu —Amatu—, bai eta eleberri historikoa ere —Hasieran bazen hitza, Egeriaren bidaia kontatu asko duen trilogia baten lehen liburua—.

Aldundiak urtean behin antolatzen duen lehiaketaren gaztelaniazko modalitatean Begoña M. Rueda egile jaendarra nagusitu da Los estigmas poema bildumarekin. Epaiak aho batez eman du poeta honek aurkeztutako lanaren aldeko hautua. Azken honi dagokionez, idazkera "arin, musikal, sinple eta sakona" nabarmendu dute. Porrot pertsonala, familiaren ondarea, osasun mentala, laneko jazarpena, maitasuna eta desamodioa, edo eta emakumeen arteko harremanak dira bilduman jorratutako gaietako batzuk.

Lehiaketara 155 lan aurkeztu dira: 137 gaztelaniaz eta 18 euskaraz. Irabazleek 2.000 euroko sari bana jasoko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago