'Sacamantecas' aurkeztu dute Donostiako Zinemaldian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

'Sacamantecas' pelikularen aktoreak eta zuzendaria, Donostiako Zinemaldian. JORGE FUEMBUENA/SSIFF

David Perez Sañudoren filmaren alderdi teknikoa eta bisuala nabarmendu dute. XIX. mendeko Araba erretratatzen du emakumeen hiltzaile baten mitoa landuz.

Patricia Lopez Arnaiz eta Antonio de la Torre dira protagonistak. SSIFF

Filmaren alderdi bisuala, aktoreen lana eta, bereziki, girotzea nabarmendu dute Sacamantecas ikusteko aukera izan dutenek. Patricia Lopez Arnaiz eta Antonio de la Torren interpretazioak azpimarratu dituzte hainbat kritikok, eta bereziki, lehen aldiz Diaz de Garaio agertzen den eszena eta filmaren amaierako bataila eta exekuzio publikoaren "intentsitatea".

David Perez Sañudo zuzendari bilbotarraren Sacamantecas filma Donostiako 74. Zinemaldian aurkeztu dute, Sail Ofizialeko Proiekzio Berezietan eta lehiaketatik kanpo. Halaber, astelehenean ETBk eta RTVEk antolatutako galan ere eman dute. Azaroaren 6an estreinatuko da zinema aretoetan.

109 minutuko filma Espainia eta Belgikaren arteko koprodukzioa da, eta Antonio de la Torre, Patricia Lopez Arnaiz, Josean Bengoetxea, Eneko Sagardoi eta Haizea Carneros ditu aktore nagusi. XIX. mendeko Araba erretratatzen du: gerra, emakumeen babesgabetasuna, landa gizartea, alfabetizazioa, botere harremanak eta indarkeria uztartzen ditu.

III. Karlistaldia hilzorian dagoen bitartean, emakume batzuk itota agertzen dira Gasteizko kanpoaldean. Angela Berrostegieta, biktimetako baten ahizpa, justizia bila dator, frogatzera Juan Diaz de Garaio nekazari analfabetoa dela kriminala, hain justu. Haatik, Pio Pinedok —aguazilen buruak— aurre egin beharko die gerra garaiko baliabide faltari, batetik, eta agintarien presioari, bestetik; izan ere, hilketen bolada gero eta handiagoa ezkutatzea nahiago dute agintariek.

Zuzendariaren begirada

Perez Sañudok azaldu duenez, proiektuak hamar urteko ibilbidea izan du. Hasieran Diaz de Garaio bera ez zitzaien bereziki interesgarria iruditzen: dokumentazio historikoa aztertzean, berriz, mito handi baten atzean zegoen pertsonaia aurkitu zuten. Zuzendariaren hitzetan, interesatzen zitzaiena ez zen hainbeste Sacamantecas bezalako pertsona bat zergatik agertzen den baizik eta agertzen den testuingurua.

Filmak Angela Berrostegieta fikziozko pertsonaiaren bidez hurbildu nahi izan du biktimengana, eta lehen planoan emakumeak jarri. "Konturatu ginen biktimak ia-ia ez direla ageri mitoaren transmisioan. Eta, horregatik, hasieratik argi izan genuen emakume baten ikuspegiari eman nahi geniola garrantzia. Azkenean, galdera etiko bat dago horren atzean. Sacamantecasen pertsonaia mitifikatuta dago, baina emakumeak ez dira apenas agertzen mito horren atzean. Eta hori nahiko larria da".

Paisaia eta hizkuntza

Euskara da filmaren hizkuntza nagusia, baina gaztelania ere nabarmen erabiltzen da, Sañudok azaldu duenez, hasieratik nahi zuten filma euskaraz egitea, baina XIX. mendeko Araban gaztelaniak ere presentzia izan behar zuela erabaki zuten, bereziki gaztelania izango zelako aurrerantzean boterearen hizkuntza. Borja Lazkanoren laguntzarekin Arabako iparraldean garai hartan hitz egin zitekeen euskarara hurbiltzen saiatu dira.

Filmaketaren zatirik handiena Araban egin da. Gasteizko hainbat leku historikotan filmatu da: Santa Maria katedralean, Foru Aldundiaren jauregian, Aihotz plazan eta Erdi Aroko hirigunean, besteak beste. Arabako beste herri batzuetan ere izan dira, tartean Agurain, Amurrio, edo Eltziego.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago