Aurtengo proiektu parte hartzaileetan garaile atera diren proposamenak aurkeztu ditu aldundiak. Okondon kirolerako eta zerbitzuetarako gune berri bat sortuko dute; Arraia-Maeztun, PumpTrack —bizikletentzako zirkuitu bat, oztopo eta aldapekin— pista bat paratuko dute, eta Guardian udal igerilekuak hobetuko dituzte. Horiek izan dira, berez, kuadrillaka bozkatuenak. Gorbeialdean eta Lautadan ez da proiekturik aurkeztu, edo, aurkeztekotan, ez dute teknikarien lehen bahea pasa.
Artziniegan eta Lapuebla de Labarcan aurkeztutako bi proiektu ere sartu dira, kuadrilla horietan lehen postua eskuratu ez duten arren. Lehen kasuan, udal pilotalekua berrituko dute. Bigarrenean, Assa Ikastolako patioa hobetuko dute. Biak bigarren postuetan geratu dira, bozkatuenen artean. Honen arrazoia da Añanan aurkeztutako proposamenek ez dutela babes nahikorik lortu eta, ondorioz, aurrekontua soberan geratu da.
Okondoren kasuan, 239 boto lortu dituzte. Arraia-Maeztun, 119 boto. Guardian 364 boto mobilizatu dituzte. Assa ikastolaren mobilizazio ahalmena igarri da, seguruenera Lapueblatik kanpo, ere 349 sinadura eskuratu dituztelako. Artziniegaren kasuan, aldundiak ezagutzera eman du 91 boto eskuratu dituztela.
Kanpo geratu diren proposamenei dagokienez, hauek dira: Aiaraldean, Harri eta Ogi (9). Añanan, Morillasko errota (69), ibilbide berdea Zuhatzu Kuartangon (59), Lanosko gaztelua (49), Gatz Haranera begirako behatokia (7) eta belaunaldien arteko topagunea (2). Arabako Errioxan, mandazainen bidea (62) eta Bastidan arrapala bat (3). Mendialdean, Izkiko behatokirako bidea (47).