Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak hainbat neurri berezi prestatu dituzte biharko, irailaren 22rako, Autorik Gabeko Eguna dela eta. Ekimenaren helburua da herritarrak animatzea auto pribatua etxean uztera eta hirian zehar mugitzeko modu jasangarriagoak probatzera. Jardunaldia Mugikortasunaren Europako Astearen barruan egingo da, aurten Mugikortasuna pertsona guztientzat lelopean.
Egun osoan zehar, Gasteizen Tuvisako autobusak eta tranbia doakoak izango dira erabiltzaile guztientzat. Horrez gain, taxi zerbitzuan 3 euroko deskontu bonuak eskainiko dira. Arabako herri arteko garraioan ere neurri berezia aplikatuko da: Alavabuseko 1etik 16ra bitarteko lineak, Gasteiz Miranda de Ebrorekin eta Durangorekin lotzen dituzten lineak eta Eskualdeko Garraioaren zerbitzu guztiak doan erabili ahal izango dira.
Bizikletaren erabilera sustatzeko asmoz, MugiBike udal alokairu sistemak ere deskontuak izango ditu. Hala, lehen 30 minutuetako erabilera %50 merkeagoa izango da, ohiko 0,99 euroen ordez 0,49 euro ordainduta. Udalaren esanetan, neurri hauek mugikortasun eredu jasangarriago eta osasungarriago baten aldeko apustua indartzea dute xede.
Bihar, gainera, Zaramagako Mercedarias ikastetxearen inguruan mugikortasun jasangarriari lotutako jarduera bereziak egingo dira ikasleekin. Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko zinegotziak azpimarratu duenez, helburua da, kutsadura eta zarata gutxitzeaz gain, adin guztietako pertsonentzat seguruagoa, autonomoagoa eta bizi kalitate handiagokoa den mugikortasuna sustatzea.