Babestutako edukia

«Eraldaketa egunerokoan hasten da, baita eskolan ere, baina galdera egokiak egin behar ditugu»

Babestutako edukia

Gizarte eraldaketarako hezkuntza baliabideen ataria da Eraldagune, eta euskal GGKEek sortutako 400 material inguru biltzen ditu dagoeneko, giza eskubideak eta justizia ekosoziala lantzeko, bai ikasgelan, bai ikastetxetik kanpo.

Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKE) Koordinakundea garapenerako nazioarteko lankidetzan eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzan (GEH) aritzen diren 85 erakunderen elkargunea da. Mundua eraldatzea helburu, bi norabidetan egiten dute lan hori, ikuspegi lokal-globalarekin: Hego Globaleko herrialdeetan, lankidetza proiektuen bidez; eta gure lurraldean bertan, desparekotasunei eta bidegabekeria globalei buruzko kontzientzia kritikoa sortzeko eta gizartearen mobilizazioa bultzatzeko.

Hamarkadetan zehar, askotariko ekimenak garatu dituzte hezkuntza eraldatzailearen arloan, inguruko eragileekin elkarlanean: sare feministekin, talde ekologistekin, arrazakeriaren aurkako mugimenduekin, auzo elkarteekin, eskola komunitateekin…

Hain zuzen ere, urteetan egindako lanaren eta elkarlanaren emaitza da Eraldagune. Azken hiru urteetan, GGKEek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 88 udalerritan eta 550 ikastetxetan baino gehiagotan esku hartu dute. Eta orain, ikasturte berriarekin batera, hezkuntza proposamen hori hezkuntza formalean eta, zehazki, euskal hezkuntza sisteman indartzeko erronkari heldu nahi diote.

Koordinakundeko hezkuntza lantaldeko kide dira Yolanda García Clemente (Enraiza Derechos), Lide Serrano Belaustegigoitia (Calcuta Ondoan) eta Iñigo Odriozola Beitia (Tau Fundazioa). Eraldagune atariaren eta GGKEen hezkuntza lanaren inguruan mintzatu dira elkarrizketa honetan, baita ikasturte berriak eskaintzen dituen aukerei buruz ere.


«Irakasle, eraldaketaren parte izan nahi duzu?» galdera luzatuz, Eraldagune sustatzeko spot bat argitaratu zuen Koordinakundeak 2025eko irailean. Ikusi bideoa hemen:

Zer da, zehazki, Eraldagune?

Lide Serrano: Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzarekin (GEH) lotutako atari digitala da, 2023an Koordinakundearen webgunea eraberritu zenean martxan jarritakoa. Eraldaketarako tresna bat da, oro har gizarte eta mundu bidezkoago, feministago eta berdinzaleago bat helburu duen edonorentzat. Baina bereziki inspirazio bila dauden irakasleen, ikasleen, ikertzaileen eta familien zerbitzura dago, eta haientzako topagune eta erreferentzia izan nahi du.

Zer aurkitu dezakegu bertan?

Iñigo Odriozola: Pentsamolde kritikoa pizteko materialak, gure ingurua beste begirada batekin aztertzeko, statu quoa zalantzan jartzeko, eta errealitatea aldatzeko aukerak bilatzeko, alternatibak irudikatuz. Finean, giza eskubideekin eta gizarte zein ingurumen justiziarekin lotutako ideia eraldatzaileen gordailu bat da. Alde batetik, Koordinakundeak azken urteetan sortutako online jolasen bilduma dago, Jolas TÚ izenekoa. Eta, bestetik, 400 hezkuntza baliabide inguru biltzen dituen katalogoa.

Online jolasak Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiarekin batera sortutakoak dira, ezta?

Yolanda García: Bai, urtero edizio berri bat kaleratzen dugu elkarlanean, eta bertan aurkezten dugu, zinemaldiaren egitarau ofizialaren barruan, zozketa batekin... eta emanaldi batzuetan jolasaren spota proiektatzen da. Guztira zazpi joko tematiko daude jada, quiz formatukoak, 10 galdera eta horien erantzunen bidez hausnarketa bultzatzeko; eta jolas bakoitza gai zehatz batekin lotuta dago: Ipar-Hego interkonexioak, desberdinkerien egiturazko arrazoiak, jasangarritasuna eta ekologismoa, generoa eta feminismoak, migrazioak eta aniztasuna... Adibidez, azken jolasean desinformazioa, buloak eta gorroto diskurtsoak landu ditugu, bereziki kezkatzen gaituen eta oso pil-pilean dagoen gaia delako. Oso harrera ona daukate. Orain arte 7.000 lagunek baino gehiagok jolastu dute, eta horietako asko ikasleak dira.

I.O.: Aurten, gainera, Bizkaia eta Arabara hedatuko da ekimena. Data zehatz batzuetan Babes TÚ online jolasean parte hartzen duten pertsona guztiek bi zozketatan sartu eta bonuak irabazteko aukera izango dute: urrian, KCD GGKEak antolatutako Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezina Nazioarteko Jaialdiarako; eta azaroan, Gasteizen Bidezko Merkataritzako produktuak erosteko, Dendamundirekin eta Afrikaldia zinema jaialdiarekin elkarlanean.

Babes TÚ online jolasarekin egiaztatuko dugu zenbateraino garen gai buloei, desinformazioari eta gorroto-diskurtsoei aurre egiteko.

Jolastu hemen: https://labur.eus/babes-tu 

Zertan datza Hezkuntza Baliabideen Katalogoa?

L.S: Guztira 400 hezkuntza baliabide inguru daude bertan. Horiek guztiak Koordinakundeko kide diren GGKEek sortutakoak dira, eta gure ingurune hurbilenetik hasita mundua eraldatzeko helburua dute. Gizarte eta ingurumen justiziarekin lotutako askotariko gaiak lantzeko balio dute, formatu ugaritan: jolasak, unitate didaktikoak, ikus-entzunezkoak, erakusketak, bisita gidatuak, tailerrak, liburuak, aldizkariak, webguneak... Laburbilduz, munduan egoteko beste modu batzuk proposatzen dituzten materialak, ikasgelan edo ikastetxeetatik kanpo nahi bezala erabiltzeko.

Y.G: Gainera, katalogoaren webgunean bilatzaile bat dago, hitz-gakoak erabiliz arakatu daiteke, eta materialak gaiaren, formatuaren edo adin tartearen arabera sailkatuta daude, bilaketa errazteko. Katalogoaren helburua da Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren arloan GGKEek egindako lan hori guztia euskal gizartearen eta hezkuntza komunitateen esku jartzea, baita ikastetxeei eta hezkuntza formaleko prozesuei laguntzea ere. Horregatik, 3 urtetik aurrerako adin-tarte guztientzako proposamen didaktikoak daude, eta hezkuntza-ziklo guztiak kontuan hartuta sailkatu dira: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Unibertsitatea, helduen hezkuntza...

Baliabide guztiak webgunean eskuragarri daude?

L.S: Kasu batzuetan bai, GGKEek eurek sortutako eta dagoeneko zabaldutako materialak direlako. Baina beste kasu batzuetan, materialaren formatuagatik edo eskatu beharreko zerbitzu bat delako, beharrezkoa da eskaera formal bat egitea. Horretarako, webgunean, material bakoitzaren orrialdean, formulario bat dago Koordinakundearekin harremanetan jartzeko, bai eta baliabidea sortu duen erakundearen fitxa eta kontaktua ere.

Zergatik da garrantzitsua Eraldagune ikastetxeetara iristea?

L.S: Hezkuntza bera eraldaketa prozesu bat da, ez da soilik ezagutzaren transmisio hutsa. Hezkuntzak, oro har, izan formala edo informala, tresnak ematen dizkigu inguratzen gaituen errealitatea ulertzeko, horretara moldatzeko, horretan eragiteko eta hura eraldatzeko. Hizkuntzak, matematikak, zientziak edo bestelako ikasgaiez gain, beste gauza asko ikasten eta desikasten dira bizitza osoan zehar, bai etxean bai etxetik kanpo, bai eskolan bai eskolatik kanpo: nola kontsumitzen dugun, nola harremantzen garen, zer rol hartzen dugun gure komunitatean, zer balio transmititzen ditugun... edo, adibidez, nola ulertzen ditugun arazoak tokikoa eta globala estuki lotuta dauden eta askotariko krisiek astindutako mundu batean.


Koordinakundeko Hezkuntza taldeko hainbat kidek Eraldagune zabaldu zuten Euskal Eskola Publikoaren Jaian, ekainean Santurtzin. Argazkia: Euskadiko GGKEen Koordinakundea

 

I.O.: Askotan badirudi «mundua aldatzea» oso urruneko zerbait dela, soilik ekintza handiek edo egiturazko aldaketek balio dutela horretarako. Baina eraldaketa egunerokoan hasten da, keinu txikiekin: etxean, kalean, lanean, familian, lagunartean, gure harremanetan, gure kontsumoan, gizarteak antolatutako mobilizazioetan... bizitzaren edozein esparrutan, baita eskolan ere; edo hobe esanda, bereziki eskolan, neurri handi batean horrek zizelkatzen baitu mundua ulertzeko dugun modua, txiki-txikitatik. Hezkuntza sistemak ezin die galdera guztiei erantzun, eta arazoak ezin dira erantzun sinpleekin azaldu, baina galdera egokiak egin behar ditugu ikasleen kontzientzia kritikoa pizteko.

Y.G: Hori da, pertsonen parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzea, gure orainaren eta etorkizunaren protagonista izan behar garelako... Eta, horrekin batera, kontzientzia kolektiboa, komunitate baten parte eta gizarte global baten parte garelako.

Nola egin daiteke hori?

Y.G: Gure herrietan gertatzen diren gauza askok badute dimentsio globala; eta alderantziz, munduko arazo askok eragina dute zure auzoan, adibidez. Dena lotuta dago, bai arazoak, bai konponbideak. Gure ustez, oso garrantzitsua da hezkuntza formalean ere gai batzuek merezi duten tokia izatea: giza eskubideak, demokrazia, gizarte eta ingurumen justizia, kulturartekotasuna, kontsumo arduratsua, genero ekitatea, garapen jasangarria, elkartasuna... 2023tik indarrean dagoen Euskal Hezkuntza Lege berriak ere bat egiten du behar horrekin eta hiritartasun globalaren ideiarekin. Hala ere, hutsune bat dago hezkuntza sistemaren zurruntasuna dela eta, denbora edo baliabide faltagatik, edo beste hamaika arrazoiren ondorioz. GGKEok ekarpen handia egin dezakegu hor, hamarkadetan zehar landu ditugun gaiak baitira.

L.S: Azken bi urteetan, Koordinakundeko Hezkuntza taldeak ikerlan handia egin du EAEko hezkuntza formalean Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza indartzeko aukerak aztertzeko. Horren emaitza laster argitaratuko dugun txostena da, eta orain, txosten hori eskuan izanda, harreman bira zabala aurreikusi dugu hezkuntza eragileekin eta instituzioekin.

I.O: Momentu honetan, gure ekarpena indartzeko bi modu daude nagusiki. Alde batetik, ikasleen kritikotasuna pizteko eta eraldaketarako beharrarekin bat egiten duten irakasle edo ikastetxeek Eraldaguneko materialak erabiltzea edota GGKEon parte-hartzea ahalbidetzea. Eta bestetik, ikuspegi instituzionalago batetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak GGKEen zeregin hezitzailea aitortzea euskal hezkuntza sisteman, kanpoko eragile gisa; eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza euskal hezkuntza sisteman eta curriculumean txertatzeko apustu ofiziala egitea, horretarako finantzaketa bermatuz, gaur egun bezala ikastetxeen esku utzi ordez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago