Gonzalezek gobernu koalizioa berritzeko asmoa agertuko du

Juanma Gallego

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia, artxiboko irudi batean. JUANMA GALLEGO / ALEA

Diskurtsoaren aurrerapenean, "agintaldiko 12 urteak amaitzeko hilabete batzuk falta direnean", diputatu nagusiak oraindik ez du argitu berriro diputatu nagusirako bere burua aurkeztuko duen. 

Datorren astean Arabako Batzar Nagusietan egingo den Politika Orokorrari buruzko eztabaidan, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak EAJ eta PSEren arteko foru gobernu akordioa berritzearen aldeko aldarria egingo du, Gonzalezek berak Irma Basterra batzarretako lehendakariari bidalitako agiri instituzionalean aurreratu duenez.

Agiriak berariaz zehazten ez badu ere, lerro artean interpretatu beharra dago Gonzalezek datozen hauteskundeetan berriro bere burua aurkeztuko duen ala ez. "Agintaldiko 12 urteak amaitzeko hilabete batzuk falta direnean, Diputatu Nagusiak koalizio gobernu honi balioa emanez hasiko du bere mintzaldia", irakurri daiteke ALEAk web iturri irekien bidez eskuratu duen agirian. 

ALEAk galdetuta, diputatu nagusiaren kabinetetik argitu dute Gonzalezek oraindik ez duela erabakirik hartu aukera horren inguruan, baina diputatu nagusiak berak duela gutxi publikoki esan duela erabakia ez dela asko luzatuko.

Gainerakoan, eta hasierako halako diskurtso batean aurreikusi daitekeen bezala, legealdian hartutako "konpromisoen" eta denboran hurbilen dauden ekintzen inguruan mintzatuko da Gonzalez. Besteak beste, arabarren "ongizate estatua" babesteko eta segurtasuna eta "konfiantza emateko bere maxima" azpimarratuko ditu.

"Aldaketa globalen" garaian industria dibertsifikatzearen aldeko lanean jarraitzeko beharra adieraziko du. Gizarte politikei dagokienez, zaintza ereduan jarriko du arreta, eta klima aldaketaren aurkako borroka eta lurraldearen mantentzea lehentasun estrategikotzat aurkeztuko ditu. Horrez gain, etxebizitza, lehen sektorea, Arabako Errioxa, lehortea edota baso suteen prebentzioaz hitz egingo du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago