Efemerideak

Teodoro Olarte hil zuten

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Frankismoaren biktimak oroitzeko 2026ko ekitaldia. AFA

Gaurko egunez 1936an

Teodoro Olarte Aizpuru Arabako Diputazioko lehendakaria, Modesto Manuel Azkona Goikoetxea Amurrioko diputatua, Casto Guzman Castro diputatua, Ricardo Ibañez Hidalgo militarra eta Benedicto Luna Lopez bankuko langilea Gasteizko espetxetik atera zituzten 1936ko irailaren 17an eta Miranda Ebroko Bayas herriko errepide baten ondoan fusilatu zituzten frankisten tropek. Egun horretan bertan, Gasteizko Bake kaleko emakumeentzako espetxetik atera zuten Columba Fernandez Doyague militante anarkista eta 38 urte zituela hil zuten. Guardiako espetxera eramateko atera zuten, baina ez zen hara iritsi, bidean, ustez, Haroko maskorren parean, modu klandestinoan hil eta lurperatu zutelako. Bere gorpua ez zen inoiz agertu.

Eta gainera...

1965eko irailaren 14an KAS fabrika inauguratu zuten Gamarra-Betoñuko industrialdean, Arabako industrializazioaren ikurretako bat.

1990eko irailaren 15ean Araba Pabiloia inauguratu zuten, gerora Buesa Arena izango zenaren aurrekaria; Baskoniaren etxe berria izan zen.

1985eko irailaren 14an Felix Gallego Salmon polizia hil zuen ETAk Gasteizen, bere autoan jarritako bonba batekin. Candido Martin Franco larri zauritu zen.

1937ko irailaren 16an Juan Santiago Aranburu Salinas Aguraingo pianista eta musikaria hil zen. Luis Aranburu eta Enrique Aranburu musikarien aita zen.

1926ko irailaren 18an Badaiako mendietan sute izugarria jazo zen. 500 hektarea kiskali zituen eta 300 bat herritar izan ziren itzaltzeko lanetan.

 

1971ko irailaren 18an Txagorritxu auzoa inauguratu zuten Gasteizen, hiriaren garapenari eta etxebizitza faltari aurre egiteko.

 

1892ko irailaren 18an Carmen Flores Carmen Floria Gasteizko abeslari lirikoa jaio zen. Donostiako Orfeoiaren eta Bilboko Koralaren kidea izan zen.

2010eko irailaren 14an Guardia Zibilak Egoitz Garmendia Vera atxilotu zuen, EKINen aurkako operazioan. Torturak eta tratu txarrak salatu zituen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago