1936an Arabako Aldundiko Kudeaketa Batzordeko presidente Teodoro Olarte eta beste bi diputatu fusilatu zituztela gogoratzeko oroitarrian frankismoaren biktimak omendu dituzte, atzo egindako ekitaldi batean. Bertan, erakundeen izenean, Ramiro González diputatu nagusiak Europan ultraeskuindarren gorakadari buruz duen “kezka handiena” agertu du. “Gizateriarentzako hamarkada beltzetara eramaten gaituzten alderdi eta jarrera politikoak" direla ohartarazi du.
Antzeko kezka azaldu du memoria eta kultura demokratikoaren alde jarduten duen La Pilastra elkarteak. Ekitaldira deitzeko ohar batean, elkarteak dio "bereziki delikatua" den une batean datorrela omenaldia, eta "bere burua betikotzen jakin duen totalitarismoa" kritikatu du. "2.0 faxismo bat, itxurazko modernitateaz mozorrotuta, historiaren errima bereziki zital eta kezkagarri bihurtu duena", elkartearen hitzetan. Politika "atzerakoien" adibide jarri du erbesteratuen ondorengoek espainiar nazionalitatea izateko duten eskubidea "zalantzan" jarri izana. "Memoria Demokratikoaren Legeak jasotzen duen aitortza hori ez da opari bat, errepresiotik ihes egin behar izan zutenen ondorengoei zor zaizkien justizia eta erreparazioa baizik", aldarrikatu dute.