Arabako Foru Aldundiak ez du babestuko etxebizitzarako eskubidea "bermatzen laguntzeko" hainbat zerga neurri ezartzea planteatzen zuen EH Bilduren proposamena. Hala erabaki du foru gobernu kontseiluak, joan den astean egindako bilkuran. Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak 566. erabakian jasotakoaren arabera, foru gobernuak erabaki du Arabako Batzar Nagusietan ekimena aintzat hartzearen aurkako irizpidea helaraztea.
EH Bilduren proposamenak lau zerga nagusitan aldaketak egitea eskatzen zuen. Besteak beste, higiezinen alokairu jarduera kualifikatua duten erakundeei pizgarriak kentzea, etxebizitza ugari dituzten jabeen eta higiezinen sektoreko sozietateen erosketetan zerga tasa handiagoak ezartzea, Ondarearen gaineko Zergan higiezinen balorazio sistema aldatzea edota turismo alokairuen zein tentsio handiko eremuetako alokairuen gainean PFEZn %20ko errekargua ezartzea.
Aldundiaren arabera, proposatutako neurriak ez daude behar adina aztertuta, eta hainbat arazo juridiko eta tekniko sortzen dituzte. Adibidez, gobernuak uste du PFEZri lotutako errekarguek zalantzak eragiten dituztela zerga sisteman duten txertaketari dagokionez, eta etxebizitza ugari dituzten titularrei ezarri nahi zaizkien zerga tasen aldaketek, berriz, Arabaren eskumenak gainditzeko arriskua izan dezaketela. "Tributu askotan funtsezko aldaketak planteatzen diren bitartean, desadostasun esanguratsuak sor daitezkeela" uste du gobernuak. Are, gobernuaren arabera, "ez dago argi teknikoki arrazoituta daudenik, eta, gainera, gainerako lurraldeekiko harmonizazio sistema haustea ekar lezakete". Aldundiak dio proposatutako erreformek "desoreka handiak" sor ditzaketela EAEko hiru lurralde historikoen arteko zerga harmonizazioan, eta argudiatu du Arabako foru zerga sistemak merkatuaren arazoei erantzuteko dagoeneko "tresna egokiak" dituela.