Natxo de Felipe eta Luar Na Lubre izango dira aurten Aitzina Folk Jaialdian

Jon Hidalgo

Astearte goizez aurkeztu dute aurtengo jaialdiaren edizioa. AITZINA FOLK

Elkartasun jaialdiak XIV. edizioko egitaraua aurkeztu du. Nazioarteko zein bertako folkaren erreferente ugari bilduko dituzte Gasteizen zein Arabako herrietan, 2026ko urriaren 17tik azaroaren 29ra.

Aitzina Folk Jaialdi Solidarioak bere XIV. edizioko egitaraua aurkeztu du astearte honetan Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Hilabete baino gehiagoz, Gasteiz eta Arabako hainbat txoko folk musikaren topagune bihurtuko dira, jaialdi berean uztartuz kultur ondarea, nazioarteko proposamen artistikoak eta ataxia telangiektasiaren ikerketarekiko konpromisoa.

Jaialdiaren antolatzaileek salgai jarri dituzte jada edizio berriko sarrera eta abonuak. Aurtengo kartelak lehen mailako artistak bilduko ditu, besteak beste, Dervish, Maruja Limon, Fillas de Cassandra, Los Hermanos Cubero, Corquieu, Saltaire, Mayalde, Otxo Bikotea, Alos Quartet, Natxo de Felipe & Kuarteto Philiperena eta Luar Na Lubre. Horiez gain, Arabako kale, plaza eta herrietan kontzertuak, tailerrak eta familientzako jarduerak ere antolatuko dira.

Edizio honetako eskaintza garrantzitsuenetako bat da Natxo de Feliperen kontzertua. Euskal musikagintzako erreferenteak azaroaren 8an joko du Europa Jauregian. Oskorrik agur esan eta hamaika urtera agertokietara itzuliko da De Felipe, Oskorriren ibilbidean argitaratu gabe gelditu ziren hainbat abesti berreskuratzeko, Abandonatuak proiektuaren baitan.

Bestalde, Luar Na Lubre talde galiziarrak azaroaren 28an egingo du geldialdia Aitzina Folk jaialdian, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioanm, kasu honetan. Folkaren nazioarteko erreferentzia handienetako bat da taldea, eta 40 urteko ibilbidea ospatzen dabil. Lau hamarkadatan 2.500 kontzertutik gora eskaini ditu 60 herrialde baino gehiagotan, eta "esperientzia hori ekarriko du Gasteiza", Aitzina Folken laguntzaz.

Musika eskaintzaz harago, jaialdiak bere izaera parte-hartzailea mantenduko du. Programazioaren parte izango dira kalejirak, Musika Eskolen Topaketa, Arabako herrietako emanaldiak, Baby Folk eta Txiki Folk ekimenak, eta baita hainbat tailer eta topaketa ere. Folk musikaren transmisioa eta herritarren parte hartzea sustatzeko helburua dute antolatzaileek, beste urte batez.

Baina, urtero bezala, jaialdiaren helburua ez da soilik musika eskaintzea. Sortu zenetik, Aitzina Folkek kulturaren eta elkartasunaren arteko zubia eraiki du, saldutako sarrera bakoitzarekin ataxia telangiectasiaren ikerketari lagunduz. Gaixotasun genetiko arraro horrek gaur egun Euskadin bi adingaberi eta heldu bati eragiten die. XIV. edizioarekin, jaialdiak berriro ere kultura komunitatea sortzeko, musika ondarea zaintzeko eta gizartean eragin positiboa izateko tresna dela aldarrikatu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago