Mugikortasunaren Europako Astearen barruan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen artean bizikletaren erabilera sustatzeko proiektu bat aurkeztu du Arabako Aldundiak. Iazko saioen ondoren, aurten egitasmoa Gasteiztik kanpoko lurraldeko ikastetxe guztietara zabalduko dute; 31 udalerritako 37 ikastetxe eta 800 ikasle baino gehiagori eragingo die.
Proiektu honek hiru eta lau ordu arteko saioak izango ditu udazkenean, Beste bizikleta bat metodologian oinarrituta. Prestakuntza teorikoak osasun zein ingurumen onurak, bide segurtasuna eta oinarrizko mekanika landuko ditu. Alderdi praktikoak, berriz, trebetasun probak, balaztatze ariketak eta oinezkoekin nahiz beste ibilgailuekin bizikidetza bermatzeko saioak jasoko ditu. Programari amaiera emateko, begiraleen laguntzaz ikastetxetik kanpoko bizikleta irteerak antolatuko dituzte, ikasleek eskolara eta institutura joateko ibilbide seguruak ezagutu ditzaten.
Mugikortasunaren asteko egitarauaren barruan, bestalde, foru garraio publikoaren erabilera egiten duten herritarrak publikoki sarituko dituzte. Irailaren 18an, Foru Jauregian egingo den ekitaldi batean, 2025ean Alavabusen eta Eskualdeko Garraioan bidaia gehien egin zituzten hiru pertsonei aitorpena egingo zaie. Beste hitzordu nagusietako bat Autorik Gabeko Eguna izango da, irailaren 22an; egun horretan, erabiltzaileek doan bidaiatu ahal izango dute Alavabuseko 1etik 16ra arteko lineetan, Gasteiz Miranda Ebro eta Durangorekin lotzen dituzten 18. eta 19. lineetan, zein eskualdeko garraioaren linea guztietan.
Gainera, datozen asteetan informazio kanpaina berezi bat abiatuko da udalerri eta kuadrilletan, Alavabusen eta eskualdeko garraioaren zerbitzuak hobe ezagutarazteko.