Aldundia, URA Agentzia, eta Gasteizko zein Arabako ur partzuergoek Zadorrako arroko ur hornidurarako azpiegituretan alternatibak bilatzeari ekingo diote. Gaur lau erakudeek sinatu duten hitzarmenarekin, 150.000 euro bideratuko dituzte Arabako 270.000 biztanle baino gehiagori zerbitzua ematen dieten azpiegituren egoera eta garapen aukerak ebaluatzeko.
Behar bakoitzerako "irtenbiderik egokiena" identifikatu nahi dute, irizpide teknikoak, ekonomikoak, operatiboak eta ingurumenekoak kontuan hartuta. Horrez gain, AMVISAren azpiegiturek arroko gainerako udalerriei zerbitzua emateko duten gaitasuna aztertuko da, "baliabideen optimizazioa eta udalerrien arteko sinergiak" sustatu aldera.
Helburuen artean daude ur horniduraren "segurtasuna eta kalitatea" bermatzea, saneamendu sistemak "hobetzea" eta klima aldaketak nahiz Europako araudi berriek ezarritako "erronkei aurre egitea". Aurreratu dute lehendik dauden azpiegiturak hobeto aprobetxatzeko eta beharrezko obra berriak "modu bateratuan planifikatzeko" aukerak aztertuko dituztela.
Zadorrako arroak Agurain, Dulantzi, Legutio, Zuia, Zigoitia, Arratzua-Ubarrundia, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna eta Gasteiz hartzen ditu. Bertan biltzen da Arabako biztanleriaren %81. Hitzarmena sinatu duten erakundeek, gainera, lurraldeko herritarren %90etik gora hornitzen dituzte gaur egun.
Azterlana amaitutakoan, Zadorrako arro osorako uraren kudeaketa eredu "jasangarriago, erresilienteago eta koordinatuago" baterantz aurrera egiteko inbertsioen ibilbide orria zehaztuko dutela diote. Proiektuaren garapena gainbegiratzeko, lau erakundeetako ordezkariek osatutako batzorde tekniko bat martxan jarriko dute.