2011n abiatu zenetik, CIC Energigunek 1.500 argitalpen zientifiko baino gehiago sortu ditu, eta horietatik %10 baino gehiago C1 kategorian kokatzen dira —diziplina bakoitzeko aldizkari zientifiko gorenetan argitaratutako lanen artean—, ikerketa zentroak ezagutzera eman duenez. Horrez gain, Stanford eta Elsevier erakundeen zientzialarien ranking ospetsuan zentroko hamar ikertzaile ageri dira. Azken urteetan 39 patente familiak garatu dituzte, eta laborategietan sortutako jakintzatik eratorritako bi enpresa sortu dira: BCARE eta Basquevolt.
15 urte bete dituenean, zentroak energia biltegiratze eta bihurketa elektrokimiko eta termikoaren alorrean "nazioarteko erreferentzia" bihurtu dela dio. Arrakasta horren gakoetako bat sodiozko eta egoera solidoko baterien alde egindako "apustu goiztiarra" izan da. Argudiatu dutenez, Michel Armand elektrokimikaren adituaren "lidergo zientifikoari" eta Jaurlaritzaren zein aldundiaren babesari esker, ikerguneak ikerketa lerro horiek lehenetsi zituen Europako industriaren lehentasun bihurtu aurretik. Gaur egun ere, esker "erreferentziazko zentro europarra" dela babestu dute.
Industriarekiko lotura ere azpimarratu dute. Besteak beste Volkswagen, BMW, Renault eta Toyota ibilgailu markekin lanean aritu dira, bateriak hobetu aldera, eta zentroak garatutako patenteen inguruko interesa agertu dute Huawei, LG Chem, Apple, Samsung, CATL, Bosch edota BlueSolutions bezalako enpresek.