Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak euskal eszenaren talentuaren alde apustu egingo du berriro ere. Jesus Ibañez de Matauko antzokian egindako aurkezpenean, Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak eta Marta Monfort Antzokien Udal Sareko arduradunak jakinarazi dute tokiko sorkuntzak programazio osoaren %40 hartuko duela. Guztira, hamabost taldek parte hartuko dute jaialdian, horien artean Arabako zazpik. Ikuskizunen artean, zazpi izango dira euskaraz, eta sei erabateko estreinaldiak izango dira.
Aurkezpenean izan diren artistek beren proposamenak azaldu dituzte. Zirkua, dantza eta antzerki garaikidearen eremuan parte hartuko duten taldeen artean daude, besteak beste, El Mono Habitado, Ekoma Teatro, Amaia Bono & Clau_topia, Musaloka Kolektiboa, Makur Antzerkia, Parasite Kolektiboa, Xake Produkzioak, ZirKuSS, Anita Maravillas, Tanttaka, Proyecto Larrua, Teatro Paraíso eta Euskadiko Dantza Profesionalen Elkartea. Besteak beste, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo, Dorleta Urretabizkaia, Aizpea Goenaga eta Joseba Apaolaza moduko antzezleen lanaz gozatu ahal izango da da.
Zinegotziak euskal konpainiei eskerrak eman dizkie egindako ekarpenagatik, eta jaialdiak "guztiontzako etxea izaten jarraitzea" nahi duela azpimarratu du. Sarreren salmenta datorren irailaren 16an hasiko da, 10:30etik aurrera.