Arabako gaztagileak izan dira gaurko protagonista nagusiak Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan ospatu den LIII. Gazta Lehiaketan. Araiako Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagak (Lekuona gaztandegia) irabazi du lehen saria gazta natural batekin (2.569 puntu), eta Legutioko Bostibaieta gaztandegiak lortu du bosgarren postua (2.442,4 puntu). Segurako (Gipuzkoa) Ondarre geratu da bigarren (2.555,5 puntu), Olaberriko (Gipuzkoa) Aizpea hirugarren (2.553,5 puntu) eta Lekarozko (Nafarroa) Kortaria laugarren (2.476,5 puntu). Ondorengo enkantean, Donostiako El Vaskito jatetxeak 5.400 euro ordaindu ditu Lekuonaren gazta txapeldunaren erdiagatik.
Euskal Herri osoko 49 gaztandegik hartu dute parte sariketan —29 natural eta 20 ketu—, eta goizean D'Elikatuz zentrotik frontoirainoko bidea egin dute musika zein desfile artean. Pedro Subijana sukaldariak zuzendutako epaimahai profesionalak 14 finalistaren artean aukeratu ditu txapeldunak. Berezitasun gisa, bost finalisten artean Araiakoa izan da gazta natural bakarra, gainerako lauak ketuak izan baitira. Bestalde, hamar urtean hiru garaipen lortzeagatik banatzen den Urrezko Kutxa garaikurra jaberik gabe gelditu da aurtengo edizioan.
Sari banaketaz gain, Euskal Sukaldaritza Berriaren mugimenduari aitortza egin diote bere 50. urteurrenean. Bertan izan diren Tatus Fombellida, Pedro Subijana, Martin Berasategi, Elena Arzak, Ramon Roteta eta Hilario Arbelaitz sukaldariek ikusleen txalo zaparrada jaso dute oholtzan.