760.000 euro bideratu ditu Aldundiak alokairuzko etxebizitzak birgaitzeko

Erredakzioa

Korresen gazteentzako etxebizitzak birgaituko dituzte. Argakia: ALEA

Laguntzak gazteen emantzipazioa eta herrietan geratzea errazteko sortu dira.

Aguraingo eta Gaubeako udalei eta Korresko batzar administratiboari 760.000 euroko dirulaguntza emango die Aldundiak gazteen emantzipazioa errazteko alokairuzko etxebizitzak eta bizitokiak birgaitzeko.

Aguraingo Udalak 520.000 euro jasoko ditu, 1.318.644 euroko aurrekontua duen jarduketa baterako. Korresko Administrazio Batzarrak, berriz, 96.000 euro jasoko ditu, 119.448 euroko aurrekontuaren gainean, eta Gaubeako Udalak 144.000 euro, 216.012 euroko aurrekontuaren gainean.

Laguntza hauen helburua da toki erakundeek gazteen eskura alokairurako aukera berriak jarri ahal izatea eta etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunek gazteak beren bizi proiektua garatu nahi duten udalerria uztera behartu ez ditzaten laguntzea.

Etxebizitzak erosteko partida

Era berean, Aldundiak 317.175 euroko laguntza emango die Bastidako eta Gaubeako udalei, alokairu sozialera edo babestura bideratuko diren etxebizitzak erosteko, betiere bitartekaritza publikoarekin.

Zehazki, Bastidako Udalak 50.700 euro jasoko ditu eta Gaubeako Udalak 266.475 euroko dirulaguntza jasoko du.

Bigarren laguntza lerro horren helburua da "Arabako udalerrietan etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzea eta toki erakundeek etxebizitza eskaintzan esku hartzeko duten gaitasuna indartzea, etxebizitza bat eskuratzea lurraldeko herrietan bizitzen jarraitzeko edo bertan bizitzen hasteko oztopo izan ez dadin", azaldu dute aldunditik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago