Kartoia jasotzeko eskatu diren edukiontzi berriek ez dute balio

Juanma Gallego

Papera eta kartoia biltzeko sistema berria are gehiago atzeratuko da. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Martxoan jasotako lehen 200 edukiontziak jartzean konturatu dira jasotako modeloa ez dela "bideragarria" Arabako bilketa sisteman txertatzeko.

Arabak papera eta kartoia jasotzeko eskatu dituen edukiontzi berriak atzera bota eta itzuli behar izan ditu, orain erabiltzen den jasotze sistemarekin bateragarriak ez direlako. Hala, martxoan Laudion, Amurrion eta Artziniegan jasotako lehen 200 aleak instalatu ondoren, "hainbat arazo tekniko" atzeman zituzten, eta, ondorioz, egiaztatu zen "horiek ez zirela bideragarriak" ezartzeko.

Arazo horrek lurralde osorako edukiontzi berriak berritzeko prozesua hainbat hilabetez atzeratu du, zerbitzuaren lizitazioa eskuratu duen Garbialdi enpresak beste hornitzaile bati eskatu behar izan dizkiolako beste mota bateko edukiontziak. Kronograma berriaren arabera, aurtengo uztailean beharrean, azaroan hasi eta 2027ko martxora arte ez dituzte papera eta kartoia jasotzeko sarea berrituko.

Errefusatu dituzten edukiontzietako batzuk, Legutioko pabiloi batean. Argazkia: AFA

Hala jaso du Batzar Nagusietan Saray Zarate ekonomia diputatuak EH Bilduk egindako galdera bati emandako erantzun batek —sailaren akats batengatik edo, agiriak PP aipatzen du—. Bertan onartu du "denboraldi batzuetan" ez dela bete bilketa egutegia herri guztietan. Argudiatu du gaiaren gainean "hiruzpalau" pertsonak "lehentasunezko dedikazioa" dutela, eta "kontaktu zuzena" dutela tokiko erakundeekin. Agiriak ez du zehazten afera honen alde ekonomikoa, ezta gaiaren bueltan erantzukizunik ebatzi ote duten ere.

Bestetik, erantzunak gaiaren bueltan zenbait tokiko erakunde eta norbanakok emandako 25 kexa jaso ditu. Udalen artean Donemiliaga, Zuia, Agurain, Iruraiz-Gauna edota Santikurutze Kanpezu daude, baina deigarria da ere Facua kontsumitzaile elkarteak erregistro bidez jarritako beste bat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago