Lau bertsolari arabar arituko dira lehen aldiz Euskal Herriko Txapelketan

Jon Hidalgo

Arabako txapelketan puntu gehien lortu zutenak igaro dira Euskal Herrikora. Argazkia: EKAITZ ANDA/ALEA.

Iñaki Viñaspre, Unai Anda, Peru Abarrategi eta Aroa Arrizubieta izango dira Arabako ordezkariak Bertsolari Txapelketa Nagusian. Irailaren 19an Hazparnen hasi eta abenduaren 20an amaituko da txapelketa, Iruñean.

Lehen aldiz, aurten lau bertsolari arabarrek hartuko dute parte Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan: Iñaki Viñaspre (Abetxuku, 1984), Unai Anda (Ametzaga, 1998), Peru Abarrategi (Aramaio, 1997) eta Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001). Lau bertsolari hauek lortu zuten puntu gehien 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketan, eta horri esker eskuratu dute Euskal Herriko txapelketarako sailkapena.

Abarrategi, Arrizubieta eta Viñaspre izan dira Arabako azken hiru txapeldunak, 2022an, 2024an eta 2026an, hurrenez hurren. Unai Anda izango da laukoteko kide bakarra Arabako txapela jantzi gabe helduko dena Euskal Herrikora.

Bertsolari Txapelketa nagusia irailaren 19tik abenduaren 20ra jokatuko da. Guztira 15 saio izango dira, eta Hazparnen hasita, eta Iruñeko Nafarroa Arenan izango da azken hitzordua, abenduaren 20an.

2022ko txapelketarekin alderatuta, aurten sei bertsolari gehiago ariko dira lehian: Arabatik bi gehiago, eta beste bina Nafarroatik eta Xilabatik. Horren ondorioz, lehen fasean saio bat gehiago izango da, sei saioren ordez zazpi. Lehen faseko saioak Euskal Herriko zazpi probintzietan banatuko dira.

Arabarren lehen hitzorduak

Lehen saioan, irailaren 19an Hazparnen, batera ariko dira Peru Abarrategi eta Unai Anda. Haiekin batera kantatuko dute Eki Mateorenak, Maddi Ane Txoperenak, Miren Artetxek eta Xabat Galletebeitiak.

Hirugarren saiora arte itxaron beharko da beste ordezkari arabar bat ikusteko. Aroa Arrizubieta irailaren 27an ariko da Lekeition, Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Aner Peritz, Eneritz Artetxe eta Maddalen Arzallusekin batera.

Bestalde, Iñaki Viñaspre egungo Arabako txapeldunak urriaren 3an kantatuko du Donapaleun. Bere taldean izango ditu Saioa Alkaiza, Oihana Iguaran, Eneko Lazkoz, Maider Arregi eta Sarai Robles.

Lehen faseko saio horietan emaitza onak lortuz gero, arabarrek finalaurrekoetarako sailkatzeko aukera izango dute. Saio guztietarako sarrerak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus atarian, finalaurrekoetako eta finaleko sarrerak barne.

Hiru fasetako lehia

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa hiru fasetan banatuko da: lehen fasea, finalaurrekoak eta finala. Parte hartu zezaketen 50 bertsolariek eman dute izena txapelketan. Hala ere, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak zuzenean sailkatu dira finalaurrekoetara, eta Maddalen Lujanbio egungo txapeldunak finalerako txartela ziurtatuta dauka. Gainerako 42 bertsolariek lehen fasetik hasi beharko dute lehia.

Lehen fasean 42 bertsolari ariko dira kantuan, herrialdeetako txapelketetan sailkatutakoak. Sei bertsolariko zazpi talde osatuko dira, eta talde bakoitzak saio bakarra jokatuko du. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera, eta puntuazio onenak lortzen dituztenek osatuko dute finalaurrekoetarako sailkatuen multzoa.

Finalaurrekoen fasean 24 bertsolari ariko dira: 2022ko zazpi finalistak eta lehen fasetik sailkatutako 17 bertsolari. Bi itzuli izango ditu finalaurrekoak. Lehenengoan lau finalaurreko egingo dira, eta bigarrenean hiru. Bi itzulietako puntuazioak batuko dira, baina lehen itzulian puntu gutxien eskuratzen dituzten sei bertsolariak bigarren itzulitik kanpo geratuko dira.

Abenduaren 20an, Nafarroa Arenan, zortzi bertsolari ariko dira finalean: Maddalen Lujanbio txapelduna eta finalaurrekoetatik sailkatutako beste zazpiak. Eguna hiru zatitan banatuko da. Goizean zortzi finalistek kantatuko dute, arratsaldearen hasieran berriro zortziek jardungo dute, eta amaieran puntu gehien bildu dituzten bi bertsolarien arteko buruz burukoak erabakiko du txapela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago