Baso suteen zabalpenerako ongarri bilakatu daitekeen landaredia gutxitzeko abereak erabiltzen ari da aldundia, artzaintza gidatuko bost proiekturekin. Orotara 746 abererekin lanean ari dira —ardi, ahuntz, behi eta behorrak—, bost puntu "estrategikoetan". Zehazki Eginon, Inoson eta Cantabria mendilerroko hiru gunetan martxan daude proiektu pilotuak, azken hiruren kasuan kokapen zehatza zehaztu ez badute ere. Ohi bezala, bisita instituzional batez baliatu dira proiektuaren inguruko informazio publikoa emateko, Ramiro Gonzalez diputatu nagusia eta Noemi Agirre nekazaritza sailburua Eginora azaldu direlarik. Bertan, Sat Olano ustiategiko hamalau ahuntz proiektuan parte hartzen ari dira.
Aldundiak dio horrekin "abereek baso suteak prebenitzeko tresna gisa duten eraginkortasuna" aztertu nahi duela. Planteamendua arras sinple da: baso sutea piztekotan, landaredi baxuak sutearen garapenean laguntzen du, batez ere idorra dagoenean. Bada, gizakiak abere belarjaleak hara bideratuz gero, teorian pizgarri hori gutxitu egiten da.
Azken urteotan zenbait sektoretan ohiko argudio politiko bilakatu da esatea sute handien errua dela nekazariei ez zaiela aukerarik ematen "mendia kudeatzeko". Aldaketa klimatikoaren testuinguru honetan, hainbat zientzia azterketa egin dira gairen bueltan, eta ondorioek ñabardurak izan dituzte: oro har, belarjale basatien faltan, abereak mendira eramatean biomasa sukoia gutxitu egiten da, baina bestelako ondorio ekosistemikoez ere ohartarazi izan da. Adibidez, belardiaren desagerpenak higadura handitu dezake —uholdeak eta zoru galera erraztuz—, edota landare biodibertsitatea gutxitu.
Aldundiak argudiatu du animaliak aldez aurretik hautatutako guneetara eramaten direla, "bide eta baso pisten inguruko landaredia jan dezaten". Besteak beste, animaliei GPS bidezko jarraipena egiten diete, beren ibilbidea bideratu ahal izateko.