Kantauriar mendikatearen lurrazalaren igoera zenbatetsi dute

Juanma Gallego

Castro Valnera menditik Pirinioetaraino doan Eusko-Kantauriar mendikatea aztertu dute. Argazkia: ALPHABET

Pisua galdu eta 255 metro altxatu da isurialde atlantikoa, isuri mediterraneoa baino 88 metro gehiago.

Kantauriar mendikatea isurialde atlantikoko lurrazala mediterraneokoa baino 88 metro gehiago altxatu dela ondorioztatu dute EHUko eta Salamancako Unibertsitateko ikertzaileek. Higadura izan da honen guztiaren arrazoia, zientzialariek ezagutarazi dutenez. Hala, isurialde atlantikoan 2.019 kilometro kubiko arroka galdu dira, higadura dela-eta; alde mediterraneoan, aldiz, 1.408 kilometro kubiko baino ez dira galdu. Orotara, zenbatetsi dute mendilerroa sortu zenetik isurialde atlantikoan 255 metroko altxamendua izan dela, eta 167 metrokoa mediterraneoan.

EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaile Ivan Martin-Martinek azaldu du ibaiek eragin dutela higadura hori. Zama galdu duen itsasontzi batekin alderatu du egoera, doitze isostatikoa izeneko fenomenoa azaldu ahal izateko. "Plaka tektonikoen gaineko karga arintzen denean, erliebeak gora egiten du pixkanaka, itsasontziek bezala, oreka bat lortzeko", azaldu du. Geomorphology aldizkarian aurkeztu dituzte ikerketaren emaitzak.

Ikertzaileek diotenez, bi isurialdeetako ibaien bilakaera hobeto ulertzea lortu dute. Orotara 35 arro hidrografiko aztertu dituzte; ondorioztatu dute isurialde atlantikoko ibaiak "garatuagoak" direla: laburragoak dira, malda handiagoa dute eta euri gehiago jasotzen dute. Eremu geografiko txiki batean topografiaren eta ibaien garapenaren arteko kontraste oso handiak ikus daitezkeela diote, baina ikerketa honek fenomenoaren tamaina kuantifikatu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago