Araban egunero sei pertsonari diagnostikatzen diete minbizia. 2025ean 2.200 kasu izan ziren. Eta errealitate hori berriz mahai gainean jarri nahi du Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak minbiziaren aurkako martxarekin. Hitzordua urriaren 4an izango da Gasteizen, eta helburu nagusia gaixotasunak eskatzen duen arreta integralaren garrantzia azpimarratzea da, arreta klinikoa, emozionala, fisikoa, nutrizionala nahiz soziala bermatuz.
Urrats bakoitzak batzen du, historia bakoitzak kontatzen du lelopean antolatutako ekitaldi honek gizarte osoaren konpromisoa bilatzen du minbiziaren eragina murrizteko. Miren Bilbao elkarteko presidenteak gogorarazi duenez, martxa kirol proba bat baino askoz gehiago da: "Zenbaki bakoitzaren atzean prozesuaren parte aktibo izan nahi duen pertsona bat dago". Gainera, 50 urtetik beherakoen artean intzidentziak gora egin duela gogoratu du, %79ko igoera izan du 1990 eta 2019 artean, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, eta horregatik ikerketaren eta bizitza ohitura osasungarrien aldeko apustua berretsi du.
Nadia Salehi ikertzaileak zehaztu du halako ekimenei esker gazte zientzialariek beren pasioan jarraitzeko aukera dutela. Izan ere, iazko martxari esker esleitu zitzaion bere beka. 2015etik 1,8 milioi euro bideratu dira Araban ikerketara, eta elkartearen erronka nagusia minbizia duten pertsonen artean biziraupena %70era igotzea da; gaur egun kolon, bular, prostata eta biriketako minbiziek dute intzidentzia handien lurraldean.
Martxa 11:30ean abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik eta ez da lehiakorra izango. Ibilbideak Florida pasealekutik eta Sendatik Armentiaraino egingo du bidea, Plaza Berrian amaitzeko. Bertan, parte hartzaileek pintxopote solidarioa, zumba eskolak, haurrentzako zientzia tailerrak eta ikertzaileekin topaketak izango dituzte. Izena emateko epea irailaren 7tik urriaren 3ra egongo da zabalik enmarcha.contraelcancer.es webgunean.