Juan Diaz de Garayo Sakamantekas-en istorioa biltzen duen film bat berreskuratu du Sancho El Sabio fundazioak, eta jendaurrean ezagutaraziko dute Arkabia aretoan Isabel Mellen eta Enrique Echazarra adituek. Sakamantekas: artxiboko kontakizunetik memoria kolektibora izena eman diote gaiaren bueltan antolatu duten bideo foroari. Naiara Lopez de Munain kazetariak dinamizatuko du hitzaldia.
Venancio del Valek eta Juan Carlos Ruiz de Gordoak 1979an egin zuten grabazioa, eta orain Sancho El Sabiok 16 milimetroko kopia bat digitalizatu du. Bertan bildutako hainbat eszena emango dituzte ekitaldian. Horrez gain, gaiaren bueltako liburuak, artikuluak, argazkiak eta beste dokumentu batzuk fundazioak kontsultatzeko moduan dituztela gogora ekarri dute.
Fundazioak aurreratu duenez, hitzaldi horretan, gertakarietan ez ezik, orain arte gertakari latz horiek kontatu, interpretatu eta transmititzeko izan diren moduetan ere jarriko dute fokua. Besteak beste, kontatzeko modua eta dokumentu iturrietan egon daitezkeen joerak ere jorratuko dituzte, pasarte horri buruzko "begirada kritikoa" eskaintzea helburu. Ohi bezala, sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da.
Gogora ekarri dute David Perez Sañudo zuzendariak gaiaren bueltan egin duen pelikula bat estreinatuko dela aurki, Antonio de la Torre eta Patricia Lopez Arnaiz protagonista izango dituelarik. Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofizialean egongo da.