Urrira arte gerturatuko ditu Jaibus zerbitzuak Arabako herrietako jaiak

Jon Hidalgo 2026ko abuztuaren 27a

Ez da oraindik amaitu Arabako jaien zerrenda. Argazkia: Vital Fundazioa.

Ribabellosa, Berantevilla, Eltziego, Larrazubi, Agurain eta Gesaltza Añanako jaietara joateko aukera emango du Jaibusek. Abuztuaren 29an, irailaren 5ean eta urriaren 3an aterako dira autobusak.

Vital fundazioaren Jaibus zerbitzuak udako jai giroarekin jarraituko du datozen hilabeteetan ere. Arabako gazte eta ez hain gazteei aukera eskainiko die hainbat udalerritako jaietara modu eroso eta seguruan joateko, baita irailean eta urrian ere. Autoa hartu beharrik gabe gerturatu ahal izango dira erabiltzaileak Ribabellosa, Berantevilla, Eltziego, Larrazubi, Agurain eta Gesaltza Añanako jaietara.

Ekimenak hamar ibilbide desberdin eta ia hirurogeita hamar geldialdi izango ditu. Autobusak 23:30ean abiatuko dira ibilbide bakoitzeko lehen geltokitik, eta itzulerarako bi ordutegi egongo dira aukeran: 03:30ean edo 06:00etan. Hala ere, itzulerako zenbait zerbitzuk ordutegi bereziak izango dituzte, eta xehetasun horiek guztiak Fundazioaren webgunean kontsultatu ahal izango dira.

Plazen erreserba ere bertan, fundazioaren webgunearen bidez bakarrik egin ahal izango da. Izena emateko epea irteera bakoitzaren bezperan itxiko da, 13:00etan. Joan-etorriko txartelaren prezioa 5 eurokoa izango da.

Sei herritako jaiak

Abuztuaren 29an izango da lehen hitzordua, Ribabellosako jaietara hurbiltzeko. Egun horretan bi ibilbide eskainiko dira, nork bere herritik gertu hartu ahal izan dezan. Autobusa Ribabellosako igerilekuetara iritsiko da, eta itzulera ere puntu beretik egingo da.

Irailaren 5ean hiru helmuga izango dira, hiru jai: Berantevilla, Eltziego eta Larrazubi. Herri bakoitzera joateko ere bina ibilbide izango dira aukeran, Arabako zonalde ezberdinetatik hurbildu ahal izateko jaietara.

Jaibus zerbitzuari amaiera emateko ordua helduko da urriaren 3an. Agurain eta Gesaltza Añanako jaietara joateko aukera eskainiko du zerbitzuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago