Mantle8 Frantziako geozientzia enpresak hidrogeno naturala eta helioa bilatzeko baimena jaso du Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan. Araban, Asparrena, Harana eta Entziako Partzuergoa daude Aralar II baimenaren barruan.
Oraingoz, ordea, ez da hidrogenoa edo helioa erauzteko jarduerarik baimendu: lehen urratsa lurpean baliabide horiek dauden eta zer ezaugarri dituzten jakitea izango da. Balizko ustiapen baterako beste prozedura eta baimen batzuk beharko lirateke.
Enpresak berak argitu du ez dela hidrogenoa edo helioa erauzteko baimenik eman, eta ikerketa "ez inbaditzailea" egingo dutela. Mantle8k azpimarratu du esplorazioa eta balizko etorkizuneko erauzketa "prozesu juridikoki desberdinak" direla, eta bigarren fase baterako beste baimen batzuk beharko liratekeela. Orain arte, enpresak dio ez duela halako baimenik eskatu.
Mantle8k azaldu duenez, egungo baimenaren helburua "lurpeko baliabideen potentziala aztertzea" da, eta ez du etorkizuneko ustiapenik automatikoki ahalbidetzen. Kartografia geologikoa, lurzoruko gasen, uraren eta arroken laginketa, eta monitorizazio sismiko pasiboa egingo dutela adierazi dute. "Baimenek ez dute ahalbidetzen zulaketak egiteko aukera, industria erauzketak egiteko, sarbide berriak eraikitzeko, ezta azpiegitura iraunkorrik ere".
1680 kilometro koadro
Pirinioen hegoaldeko lurpean hidrogeno naturala eta helioa bilatzeko baimenak 2026ko ekainaren 5ean eman zituen Espainiako Energia Politikaren eta Meategien Zuzendaritza Nagusiak. Aralar I izeneko baimenak Gipuzkoa eta Nafarroa hartzen ditu, eta Aralar II baimenak, berriz, Araba eta Nafarroa.
Eusko Jaurlaritzak 2026ko apirilaren 27an aldeko txostena eman zuen eta abuztuaren 13an argitaratu zuen baimenari buruzko ebazpena.
Aralar I eta Aralar II bi eremuek batera 1.680 kilometro koadroko inguruko azalera hartzen dute. Arabari dagokionez, Aralar II baimenak Asparrena, Harana eta Entziako Partzuergoa hartzen ditu. Hori da proiektuaren Arabako eremu bakarra, eta Nafarroako udalerri ugarirekin lotzen da, besteak beste, Ameskoarekin, Altsasurekin, Arakilekin, Eulate, Lana, Larraona, Urbasa, Andia eta Lokiz inguruekin.
Mantle8 enpresak aste honetan bertan azaldu duenez, lehen fasean dagoeneko eskuragarri dagoen informazio geologiko eta geofisikoa aztertuko du, eta ondoren landa lanak egingo ditu. "Geologo eta geofisikari talde txikiek ibilbide eta pista zaharrak erabiliko dituzte, eta lurreko gasen laginak eta neurketa sismiko pasiboak egingo dituzte", esan du. Sentsore finkoren bat instalatuz gero, kokapen zehatza udalekin eta lurren jabeekin adostuko dela ere azaldu du.
Ingurunearen garrantzia
Mantle8k berariaz aipatu du "Aralarko mendigunearen izaera karstikoa eta akuiferoen garrantzia". Enpresaren arabera, ikerketa lanek ez dute haustura hidraulikorik, produktu kimikorik injektatzea edo ur gezaren kontsumorik ekarriko. Landa lanak gainazalean egingo direla azpimarratu dute eta ekipamendu "eramangarri eta pasiboarekin".
Aralar mendilerroaren garrantzi "kulturala" eta "sinbolikoa" ere aitortzen dutela irakurri daiteke enpresaren webgunean: "Aitortzen dugu Aralarrek, Aralarko San Migel santutegia bezalako erreferentzia puntuak barne, pisu kultural eta sinboliko sakona duela euskal eta nafar nortasunarentzat. Gure presentzia errespetuzkoa izango da. Geologo talde txikiek osatuko dute eta ingurutik mugituko dira ahalik eta inpaktu txikienarekin, inguruko ondare naturala eta kulturala errespetatuz".
Halaber, enpresak iragarri du udalekin eta lurren kudeaketa komunalaz arduratzen diren erakundeekin bilerak egingo dituela, landa lanak hasi aurretik. Mantle8-en arabera, bilera horien helburua "baimenaren irismena, jardueren kokapena eta egutegia azaltzea" izango da.
Zer egiten du Mantle8k?
Geozientzia enpresa bat da Mantle8, hidrogeno naturalaren eta helioaren esplorazioan espezializatua. Espainiako estatuan Mantle8 Iberia filialaren bidez jarduten du. Konpainiak Pirinioen bi aldeetan du interesa: Comminges esplorazio baimena du Frantziako Pirinioetan, 739 kilometro koadro baino gehiagoko eremu batean. 2026ko apirilean eman zioten baimena, eta han hidrogeno naturalaren eta helioaren potentziala ere aztertzen ari da.
Mantle8k Aralarko geologia Frantziako Pirinioetan aztertzen ari denaren antzekoa dela uste du, eta horregatik ikusten du eremuaren potentziala.