Lehorte egoera aldarrikatu eta salbuespenezko neurriak aktibatzeko eta zuzeneko diru laguntzak bideratzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari ATACA (Asociación Treviño y Álava por el campo) elkarteko nekazariek. Traktore martxa egingo dute ostegun honetan Gasteizen. Traktoreak 11:15ean abiatuko dira Buesa Arenatik Eusko Jaurlaritzaren egoitzara.
ATACA elkartearen aldarrikapen nagusia da Araba eta Euskal Autonomia Erkidego osoa Lehorte Eremua izendatzea, neurri horri esker, nekazariek eta abeltzainek laguntza espezifikoak jaso ahal izango dituztelako. Arabako nekazarien elkarteak ziurtatu du azken asteetako meteorologia izugarri zailtzen ari dela nekazaritza ustiategietako jarduera.
Abeltzaintza estentsiboa
Abeltzaintza estentsiboa da, ATACAren arabera, egungo egoera meteorologikoaren ondorioz sektore kaltetuenetako bat. Hala ere, abeltzaintza intentsiboko, udaberriko laborantzako eta udako labore ureztatuetako arazoak ere aipatu ditu erakundeak. Euriaren faltagatik egoera egunez egun larriago bilakatzen ari dela azpimarratu dute.
Hartara, administrazio publikoen berehalako neurriak exijitu dituzte, lehorteak eragiten dituen ondorio ekonomikoei aurre egiteko.
Kostuen garestitzea
Elkartearen arabera, Arabako nekazari eta abeltzainek jasaten dituzten kostuen igoerari gehitu zaio lehortea. Erakundeak "egiturazko arazo nagusien artean" aipatu du ongarrien, erregaien eta ekoizteko beharrezkoak diren beste nekazaritza sargai batzuen garestitzea.
Gainera, presio horren zati bat nazioarteko "ezegonkortasunarekin" eta "gatazkekin" lotzen dute, eta berariaz aipatu dituzte "Ukrainako gerra eta Ormuzeko itsasarteko tentsioak". Elkartearentzat, kostuak handitzeak atakan jartzen du ustiategien errentagarritasuna.
Era berean, ATACA oso kritiko agertu da beste behin Mercosur bezalako merkataritza itunekin, eta traktore martxaren deialdian adierazi dute asko ugaritu direla Europatik kanpoko beste herrialdeetatik datozen ekoizpenak. Ildo horretan, inportazioek Europako nekazari eta abeltzainei eskatzen zaizkien estandarrak bete ditzatela eskatu du elkarteak.
Burokrazia
Burokraziarekin borrokatzen pasatu behar dituzten orduen korapiloa askatzeko ere aldarrikatuko du ATACAk ostegun honetako traktore martxan.
Erakundeak salatu duenez, betebehar administratiboen ondorioz, sektoreko profesionalek gero eta ordu gehiago eman behar dituzte izapide informatikoetan eta dokumentazioan, ustiategietako eguneroko jardueratik aldentzen dituztenak.