Goiz lanbroarekin hasiko da ostirala, baina ez du erabat argituko: zerua partez hodeitua geratuko da, eta bereziki egunaren lehen partean zirimiria egin dezake. Haizea aldakor ibiliko da, gehienetan iparraldetik, eta bolada gogorren batekin. Alde termikoa Gasteizen 15 eta 22 gradu artean baino ez da mugituko.
Goizeko lanbroak asteburuan ere izango dira. Larunbatean gaurkoaren antzeko giroa mantenduko da, baina arratsaldetik aurrera berriro giro argitsua zabalduko da. Eguzkia igande osoan ikusgai egongo da zeruan, eta haren eragina tenperaturetan nabarituko da: larunbateko alde termikoa Gasteizen 12 eta 23 gradu artekoa izango bada ere, igandean 12 eta 29 gradu artean ibiliko dira. Ohi bezala, Arabako Errioxan tenperatura dezente handiagoak espero dituzte.