Irailaren 25ean altxatuko du teloia Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak, eta, abenduaren 13ra bitartean, antzerki, dantza eta lengoaia berriekin gozatzeko aukera izango da hiriburuko antzokietan, Principal antzokiak obretan jarraitzen duen bitartean. Guztira, 34 ikuskizun eta 47 saio eskainiko dituzte. "50 urte baino gehiagoko ibilbidean, jaialdiak ateak ireki dizkie hainbat belaunalditako milaka laguni; gaur egun, publiko leial, exijente eta aditua osatzen dute, hiriko antzokiak betetzen dituena", nabarmendu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak aurkezpenean.
Ohikoa den moduan, oholtza gainean izen handirik ez da faltako, aktore zein konpainia artean. Besteak beste, Josep Maria Pou, La Veronal, Aizpea Goenaga, Pont Flotant, Eneko Sagardoi, Natalia Huarte, Tanttaka eta Teatro Paraiso izango dira Felix Petite, Jesus Ibañez de Matauko eta Federico Garcia Lorca antzokietan. Hizkuntzari dagokionez, berriz, beste urte batez gutxiengoa izango dira euskarazko lanak: 34 ikuskizunetatik zazpi baino ez dira euskaraz izango.
Pont Flotant
Off Lokal saileko antzerki obrekin emango diote hasiera jaialdiari irailaren 25ean. El Mono Habitado, Ekoma eta Amaia Bonoren gaztelaniazko lanekin abiatuko da, eta urriaren 2ko asteburuan euskarazkoekin jarraituko du Musaloka, Makur eta Parasite Kolektiboaren obrekin.
Programa ofiziala, berriz, urriaren 7an aurkeztuko dute. Valentziako Pont Flotant konpainiaren eskutik izango da, Adolescencia infinita obrarekin —azkenekoz Gasteizen Eclipse Total lanarekin egon ostean—. Argentinako El Rayo Misterioso konpainiak hartuko dio lekukoa urriaren 8an, Todo terminará para Navidad lanarekin, Gabon gau berezi batean murgiltzeko prest. Eta Txinako TAO Dance Theater konpainiaren txanda izango da ostean, urriaren 10ean, unibertso fisiko konplexu bat eraikitzera datorren ikuskizunarekin.
Euskarazko lehendabiziko lana urriaren 15ean izango da, Xake Produkzioak taldearen eskutik. Sidari lana aurkeztuko dute Iholdi Beristainek, Kepa Errastik, Hodei Arrastoak eta Getari Etxegaraik; hogeita hamar urteen bueltan dabilen bikote gazte baten istorioa da. Dantzarekin jarraituko du hurrengo egunean, urriaren 16an, Marcos Morauk zuzendutako La Veronal konpainia prestigiotsuak. Compañia Criolla argentinarrak El brote bakarrizketa komikoa aurkeztuko du urriaren 17an, eta Check-In konpainiaren Fronteras lanarekin jarraituko du jaialdiak urriaren 21ean eta 22an; Eneko Sagardoi arituko da taulan, argazkilari gazte eta idealista baten azalean, Carolina Yuste aktorearekin batera. Italiako Teatro delle Ariette konpainiak jarraituko du urriaren 22tik 25era bitartean, antzerkia eta gastronomia elkartzen dituen saio bereziarekin.
Josep Maria Pou
Mark Rosenblatten Giant antzezlanak, benetako gertakariak oinarri hartuta, karisma handiko artista baten erretratu poliedrikoa dakar, eta beste aktore handi batek gorpuztuko du oraingoan Gasteizen: Josep Maria Pou igoko da oholtzara, urriaren 23an, Roald Dahl idazle ingeles ospetsua antzezteko. Donostiako Zirkuss zirku konpainiaren Sustrai ikuskizunak hartuko du Felix Petite antzokia urriaren 25ean, eta Taiat Dansarekin segiko du urriaren 29an, zuzeneko musika, dantza eta zinea batzen dituen Las hijas de Bernarda ikuskizunarekin. Urria amaitzeko, hilaren 30ean eta 31n, Carlos Hipólito protagonista izango duen Largo viaje hacia la noche eskainiko dute, Eugene O'Neillen tragedia intimo eta unibertsala.
Azaroa Brasilgo Polifonica konpainiarekin hasiko da, hilaren 4an, Deserto lanarekin —Bolañoren kezketan murgilduko den obra—. Egun bat geroago, azaroaren 5ean, Brasilgo beste konpainia batek hartuko dio lekukoa: Poliana Lima dantza taldeak The Common Ground ikuskizuna eskainiko du. CDN eta Barco Pirataren eskutik, bestalde, azaroaren 7an Constelaciones obra iritsiko da, fisikari kuantiko baten eta erlezain baten arteko harremanari buruzkoa. Familientzako antzerkia ekarriko du Anita Maravillas konpainiak azaroaren 8an, euskaraz, Miren Larrea eta Valentin Raposo aktoreekin eta Miren Amurizak sortutako testuarekin.
Virginia Despentesen Teoría King Kong feminismoaren erreferentziazko lana taularatuko du La Virgueria konpainiak azaroaren 11n, eta La vida extraordinaria jarraian, azaroaren 12an eta 13an, Malena Alterio eta Carmen Ruiz aktoreekin. Iaz musika ikuskizun onenaren Max saria jaso zuen Farra lana ere Felix Petiten izango da, azaroaren 15ean.
Tanttaka
Txalo Produkzioak eta Tanttaka taldeen eskutik, euskarazko Rigor Mortis obra taularatuko dute Aizpea Goenagak, Dorleta Urretabizkaiak, Garazi Urkolak eta Joseba Apaolazak. Azaroaren 19an izango da heriotzaren inguruko komedia hau, Hegoalde gizarte etxean. Israel Elejalde eta Javier Camara aktore lanetan dituen Verborrea obra azaroaren 20an aurkeztuko dute, eta hip-hop doinu dantzagarriekin helduko da Brodas Bros taldea azaroaren 22an.
Azaro amaieran, hilaren 28an, Britainia Handitik eta Kataluniatik helduko da A Macbeth Song, La Perla 29 eta The Tiger Lillies taldeen eskutik. Musika eta antzerkia batuko dituen lan horrek heriotza, boterea, gerra eta errua bezalako gaiak izango ditu hizpide. Ingelesez eskainiko dute, azpitituluekin.
"Zer gertatuko da antzerki fisikoa —maskara eta clowna—, lengoaia berriak eta arte biziak elkartuz gero?". Galdera horri erantzutera dator Musaloka Kolektiboaren Rojo nieve obra, abenduko egitaraua irekiko duena, hilaren 3an. Paula Quintana dantzariaren ikuskizunak identitateari buruz ikertuko du abenduaren 11n, eta Leonora Carrington margolari eta idazle surrealistaren munduan murgilduko da Natalia Huarte nafarra Leonora obran, abenduaren 12an.
Sarreren salmenta irailaren 16an hasiko da, 10:30ean, Principal antzokiaren webgunean, leihatilan eta 945-16 10 45 telefono zenbakian.