Akordioa iragarri du ELAk Arabako esku hartze sozialean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 30a

Sei greba egun egin dituzte sektoreko langileek. Argazkia: ESK

LABek ez du akordioa sinatuko. Erosahalmena bermatzera soilik mugatzen dela uste du sindikatuak.

ELAk iragarri du aurreakordioa lortu duela Arabako esku-hartze sozialeko sektoreko lan hitzarmena berritzeko, "urte eta erdiko negoziazioen eta sei greba egun baino gehiagoren ondoren". Akordioak sektorearen "aldarrikapen nagusiak" jasotzen ditu, ELAren esanetan, eta hobekuntzak ekarriko ditu "soldatetan, lanaldian eta lan baldintzetan, sektoreko langileen ekiparazioaren bidean aurrerapausoak emanez".

2025-2028 aldia hartuko du hitzarmen berriak eta, besteak beste, aurreikusten da soldatek %16ko igoera izango dutela langile guztientzat, eta 4. eta 5. kategorietako langileek soldata osagarri gehigarria jasoko dutela. Gainera, hitzarmenaren amaieran KPIari %0,5eko bermea gehituko zaio.

Halaber, urteko lanaldia hamasei ordu murriztuko da, eta 1.592 ordukoa izango da; opor egun bat gehiago izango dute langileek, eta norberaren gaietarako bi laneguneko lizentzia ere aitortuko zaie. ELAk berri eman duenez, aldi baterako ezintasunaren osagarria hobetu egingo da eta lehen 20 egunetan soldataren %90 bermatuko da, eta hortik aurrera %100. Era berean, 60 urtetik gorako langileentzako neurri berriak ezarriko dira, baita gaueko lanaren jardunaldia murrizteko neurriak ere eta ordu osagarrien erabilerari mugak ezarriko zaizkio.

Beste hainbat hobekuntza ere jasotzen ditu akordioak, besteak beste, euskararen erabileran, telelanean, malgutasunean, oporren antolaketan eta intentsitate handiko entitateetan. Lan osasunaren arloan neurri berriak ere jasoko dira, tartean burnoutaren analisia egiteko konpromisoa.

Gakoa, ekiparazioa

Halere, akordioaren aurrean kritiko azaldu da LAB sindikatua. "Aurreakordioa erosahalmena bermatzera soilik mugatzen da, eta urrundu egiten da intersindikaleko negoziazio prozesuan adostutako ekiparazio helburuetatik", esan du.

Gogoratu duenez, ekiparazioa izan da sektoreko intersindikalean defendatu izan duen aldarrikapen nagusia, ESKrekin batera, eta sektoreko langileek aldarrikapen horri eutsi diotela, kalean eta lantokietan egindako mobilizazioetan. LABen ustez, aldarrikapen horrek ahalbidetu du negoziazioa eman den terminoetan garatzea, eta horri esker "Araban sektorearen historiako akordiorik onena lortzetik gertu egon gara".

Datorren ostiralean aurreakordioa sinatzeko batzorde negoziatzailearen bilera deituta dago. ELAk eta CCOOk sinatzeko asmoa azaldu dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago