Zeledonek San Migel elizako dorretik behera egin eta Gasteiz berriro ere jai giroan murgiltzeko egun gutxi falta dira. Ohi bezala, abuztuaren 4tik 9ra bitartean ospatuko dira 2026ko Andre Maria Zuriaren Jaiak, eta hiriburuak ehunka ekitaldi eskainiko ditu. Jaietako pregoia ETS taldeko Iñigo Etxezarretak irakurriko du abuztuaren 2an, jaiei hasiera emanez, eta ondoren Oreka TX taldearen ikuskizun berezia izango da, txalaparta, dantza bertikala eta ikus-entzunezkoak uztartuko dituena. Baina benetako zoramena abuztuaren 4an izango da: Zeledon ikusteko Andre Maria Zuriaren plazan 35.000 pertsona inguru bilduko direla aurreikusten dute.
Udaltzaingoa eta Ertzaintza berriro ere koordinazioan ariko dira 2026ko Andre Maria Zuriaren jaietan segurtasuna bermatzeko. Segurtasunaren ohiko irizpideei jarraiki, jendetza gehien biltzen dituzten ekimenetan arreta berezia jarriko dute.
Zeledonen Jaitsiera, Bezperetara joatea eta Farolen Prozesioa — abuztuaren 4a—, Egunsentiko Arrosarioa eta Gotzain Meza — abuztuaren 5a—, Zeledon Txikia eta Neska Txikia —abuztuaren 7a— eta Zeledonen Igoera —abuztuaren 9a. Sexu askatasunaren aurkako delituetan, indarkeriaz egindako lapurretetan eta ebasketetan jarriko dute arreta berezia.
Zeledonen jaitsieran 11 sarbide kontrol bateratu ezarriko dituzte, eta barrura sartzea debekatutako objektuan atzemango dituzte bertan. Aurreratu dute zaintza lanetarako droneak ere erabiliko direla iragarri dute, eta txupinazoa baino lehen hormigoizko hesiak jarriko dira Andre Maria Zuriaren plazako sarbide estrategikoetan. Horrez gain, aurten kontzientziazio berezia eskatu dute bengalarik ez erabiltzeko, muturreko tenperaturak direla eta suteak pizteko arriskua are handiagoa baita.
Gustu guztietarako ekitaldiak
Programazioa bete-betea etorriko da: Gasteizko Udalak 1.110.000 euroko aurrekontua bideratu du 400 ekitaldi baino gehiagotarako. Foru eta Aihotz plazetako egitarauez gain, Falerina lorategiak ere hartuko ditu kontzertuak, eta Arriaga parkea haurren interes gune nagusietako bat izango da. Horrez gain, Mendizabalako barraken eremuak 25 atrakzio mekaniko izango ditu, eta mokaduak edo tragoak hartzeko 19 postu hartuko ditu. Horrez gain, 16 joko etxola eta zirku bat ere egongo dira.
Gasteizko txosnen giroa lehenesten dutenentzat, 45 ikuskizun izango dira Entxosnatu karpan eta Gazte karpan. Besteak beste, Izaki Gardenak, Testarudes, Leihotikan, Maruxak eta Sedientos de Cumbia taldeak egongo dira bertan. Bestalde, GKS eta Etxebizitza Sindikatuak iragarri dute txosna pirata jartzeko asmoa dutela. Aintzat hartu behar da ere ikuskizunetako teknikariek greba iragarri dutela abuztuaren 5erako, Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT sindikatuek deituta.