"Baliabide faltagatik" ez dira joan Arabako suhiltzaileak Espainiako baso sute handietara

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 29a

70.000 hektareatik gora erre dituzte suteek Madril eta Avilan. Argazkia: BCBN

Suhiltzaileek ukatu dute Aldundiaren bertsioa, eta azpimarratu dute "egitura operatiboaren eta giza baliabideen gabezia kezkagarria" dagoela.

Arabako foru suhiltzaileek salatu dutenez, baliabide faltagatik ez dira joan Madril, Avila eta Toledoko baso suteak itzaltzera. "Erabakiaren benetako arrazoia ez da Araban baso suteak izateko arriskua, baizik eta egitura operatiboaren eta giza baliabideen gabezia kezkagarria", esan dute.

Langileen batzordeak ohar bat zabaldu du, Aldundiak emandako arrazoiak ukatuz. Horretan azaldu dutenez, Espainiako baso suteak itzaltzera bidalitako larrialdi konboian parte hartu ez duen bakarra Arabako zerbitzua izan da, Gasteizko zerbitzua eta Gipuzkoa eta Bizkaikoa ez bezala.

Suhiltzaileen arabera, erkidegoko gainerako zerbitzuek baliabideak eta protokoloak dituzte behar denean beste lurralde batzuetara laguntza bidaltzeko. Horregatik, uste dute Arabaren eta gainerako lurraldeen arteko aldea ez dagoela "beroan", baizik eta "kudeaketaren eta giza baliabideen antolaketa eskasean".

Suhiltzaile berririk ez

Azpimarratu dutenez, urteak daramatzate langile kopurua handitzea eskatzen eta eguneroko txandak segurtasunezko baldintzetan osatzeko galdegiten. Haien esanetan, aurten plantilla handitzeko aurrekontu partida badago ere, oraindik ez da suhiltzaile berririk lanean hasi.

Era berean, salatu dute ez dagoela aparteko egoeretan indarrak batzeko protokolorik, ez Araban bertan gertatzen diren baso-suteetarako –Elgea edo Herediako suteak aipatzen dituzte adibide gisa–, ezta lurraldetik kanpo laguntza emateko ere. "Plantilla prest dago lan egiteko, eta beste lurraldeei lagundu ahal izatea besterik ez dugu eskatzen, aitzakiarik gabe", adierazi dute.

Baso suteen aurkako borroka prebentzioan hasten dela gogoratu dute suhiltzaileek eta gogoratu dute "baso suteak neguan itzaltzen direla". Horren ildotik, Aldundiari eskatu diote ez dezala beste negu bat igaro plantilla handitzeko konpromisoa gauzatu eta errefortzu sistema ezarri gabe, "etorkizuneko sute handiek ez baitute itxarongo".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago