Asparreneko Udalak lorategiak eta berdeguneak ureztatzea, igerileku pribatuak betetzea eta ibilgailuak sareko urarekin garbitzea debekatu du. Gainera, dei egin die herritarrei uraren erabilera arduratsua egiteko eta atzeratu daitekeen edozein kontsumo murrizteko. Helburua etxebizitzen hornidura bermatzea eta mozketak saihestea da.
Udalak berak bi aste inguru daramatza aurrezteko neurriak ezartzen, hala nola berdeguneen ureztatzea murriztu du eta Araiako udal igerilekuetan debekatu du barrutiko edozein txorrotatako ura edatea, komunak, aldagelak, taberna eta iturria barne.
Zirauntzaren iturburuko ur emaria oso eskasa dela eta Aguraingo udalak ere ohartarazi du uraren erabilera murriztu behar dela. Aguraingo ur horniduraren ardura duen Urbide Ur Partzuergoari jakinarazi diote egoera, "gure herritarren ur hornidura bermatzeko beharrezkoak diren neurriak proposatu ditzan".
Bitartean, herritar guztiei dei egin die "ura arduraz eta zentzuz erabiltzeko, beharrezkoa ez den kontsumoa eta ur xahuketa saihestuz".
Zuia, lehena
Gorbeialdean, Zuia izan da murrizketak jasan dituen lehen udalerria. Hilaren 10ean agindu zituen gaueko mozketak behin behinean, baina dagoeneko ur horniduraren mozketa horiek bertan behera utzi dituzte.
Hala ere, Udalak herritarrei gogorarazi die "ezinbestekoa dela" azken egunotan lortutako kontsumo mailari eustea edo, ahal den neurrian, apur bat gehiago murriztea. "Uraren erabilera arduratsuari eutsiz gero, gauez biltegiak berriz bete ahal izango dira eta horniduraren egonkortasuna bermatzen jarraituko da", esan du Udalak.
Bestalde, abuztuaren 3an, 20:00etan, ur hornidurari buruzko batzar irekia egingo da Zuiako Udaletxean. Batzarra herritar guztiei irekia da.
Aramaioko Udalak, berriz, euri faltaren eta beroaldiaren ondorioz ur biltegiak oso baxu daudela ohartarazi du. "Hori dela eta, ahal den neurrian uraren kontsumoa gutxitu eta arduraz jokatzea eskatu nahi da".
Izarrako Administrazio Batzarrak, Urkabustaizko Uraren Ermandadeak eta Urkabustaizko Udalak bere aldetik jakinarazi dute Baias ibaiaren ur hartuneen egoerak onera egin beharrean okerrera egiten diharduela egunez egun. Horregatik, hilaren 23an hainbat murrizketa martxan jarri zituen. Hala, Asparrenean bezala, debekatuta dago berdeguneak eta lorategiak ureztatzea, publikoak zein pribatuak; igerileku pribatuak betetzea; eta ibilgailuak garbitzea.
Gainera, ohartarazi dute "herritarrok ur kontsumoaren kontrol zorrotza egiten ez badugu eta Baias ibaiaren egoera epe laburrean hobetzen ez bada", ur horniduran eguneroko mozketak egin beharko direla.