Deportivo Alaveseko emakumezkoen taldeko jokalariek publikoki adierazi dute euren desadostasuna F Ligara igo ostean prima kolektiboaren auziaren kudeaketarekin. Futpro futbolari profesionalen elkartearen bidez zabaldu duten oharrean, azaldu dute "desilusioa" eta "ezinegon sakona" eragin dizkiela klubak eskaerari emandako tratamenduak.
Jokalariek gogorarazi dute 2026ko urtarrilean helarazi ziotela klubari prima baten eskaera, igoera lortuz gero jaso beharko luketena. Onartu dute ordainsari hori ez zegoela kontratuetan jasota, baina nabarmendu dute futbolean ohikoa dela halako sariak ematea egindako ahalegina eta kirol lorpen handiak aitortzeko.
Salatu dutenez, eskaera egin zutenetik ez dute erantzun argirik jaso. Horren ordez, "aitzakiak eta isiltasuna" baino ez dituztela aurkitu adierazi dute. Azken komunikazioan emandako epea amaitu ostean ere auziak konponbiderik gabe jarraitzen du, ohartarazi dutenez.
Taldearen ustez, F Ligara itzultzea Alavesentzat lorpen historikoa izan da, eta horrek kudeaketa arinagoa eta komunikazio gardenagoa merezi zituen. Hala ere, jokalariek argitu dute ez dutela klubarekin konfrontaziorik bilatzen; egoerak sortu dien desilusioa eta aitortza falta plazaratu nahi izan dituzte soilik. Era berean, Alavesen balioekin eta emakumezkoen futbolaren sustapenarekin duten konpromisoa berretsi dute.