Abeltzainek nahitaez parte hartu beharko dute behien gripearen prebentzioan

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 29a

Herpesbirus batek eragiten die gaitza behiei. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Orain arte borondatezkoa zen behien infekziozko errinotrakeitisaren programa derrigorrezkoa da aste honetatik aurrera.

Arabako abeltzaintza ustiategi guztiek IBR behien infekziozko errinotrakeitis gaixotasunaren prebentzio, kontrol eta desagerrarazte programan parte hartu beharko dute, salbuespen jakin batzuekin. Izan ere, aldundiak gaitz horren prebentzio, kontrol eta desagerrarazte programa nahitaezkoa egitea onartu du lurralde osoan. Neurria BOTHA aldizkarian argitaratu da, eta Arabako behi azienden ustiategi gehienei eragingo die.

IBR gaixotasuna behien herpesbirus batek eragiten du, eta arnas nahiz ugalketa arazoak sortzen ditu. Kasu askotan sintomarik gabe ager daitekeen arren, galerak eragin ditzake abeltzaintzan, bereziki ugalkortasun arazoengatik eta animalien, haziaren edo enbrioien merkataritzarako ezartzen diren murrizketengatik. 

Foru Aldundiaren arabera, 2019tik hainbat abeltzain elkartek borondatezko programak garatu dituzte gaitz horren aurka. Gaur egun, Araban 181 ustiategi daude programan sartuta, eta horiek lurraldeko behi aziendaren erroldaren %52 ordezkatzen dute. Aginduan, administrazioak azaldu du borondatezko sistemak "emaitza onak" eman dituela, baina "arriskuak mantentzen" direla, batez ere mendi eta larre komunaletan osasun kalifikazioa duten eta ez duten aziendak alboan daudelako. Gainera, Bizkaiak eta Gipuzkoak dagoeneko nahitaez ezarri dute programa.

Dekretuaren arabera, programa behi ustiategi guztiei aplikatuko zaie, haragitarako, esnetarako edo ekoizpen mistoko ustiategiei bereziki, baina gizentzeko animalien merkataritza operadoreak eta gizentokiak salbuetsita egongo dira. Ustiategi bakoitzak aldundiak gaitutako albaitari baten gainbegiratzea izan beharko du. Profesional horrek kontrol sanitarioak, txertaketak eta aziendaren mugimenduen jarraipena egingo ditu. Aldundiak bere gain hartuko du programaren kostua.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago