2050. urtera begira trantsizio energetiko "justu, publiko eta berriztagarria" egiteko proposamena garatu du ikerlari talde batek, Euskal Herria petrolio eta gas gabe izenburupean. EHUko Life Cycle Thinking Group-ek, LAB sindikatuak eta Basque Centre for Climate Change erakundeak landu dute gaia elkarlanean, eta ondorioztatu dute "badirela aukerak energia berriztagarri publikoetan oinarrituz autosufizientzia netoa lortzeko".
Proposamen "irekia" dela azpimarratu dute ikerlariek, lehen pausu bat izatera datorrena eredu energetiko jasangarria diseinatzeko bidean. Euskal Herri mailan "faltan" sumatzen duten eztabaida nazionala sustatzeko asmoa erakutsi dute, "egungo egoera energetiko larriari irtenbidea" emateko.
Abiapuntu txarra
Egoeraren analisia eginda, menpekotasun maila handiko lurraldea garela ondorioztatu dute, baita Europako estandarren arabera ere; Europan erregai fosilekiko menpekotasun gehien duten lurraldeetan hirugarrena litzateke Euskal Herria, Txipre eta Maltaren atzetik soilik. Izan ere, gure energia sistemaren %79 dator petrolio eta gasetik. Gainera, nabarmendu dutenez, Ameriketako Estatu Batuei erosten diegu erregai fosil gehien; gasaren %33a eta petrolioaren %12a dator bertatik.
Ikerketarako Euskal Herriko zazpi lurraldeak hartu dituzte kontuan, eta erkidegoka aztertu bakoitzaren beharrak. Oro har, Espainiako Estatuan baino %13 gehiago kontsumitzen dugula azaldu dute. Gure kontsumo mailak dituen ondorioak dimentsio ezberdinetan aztertu dituzte, bai ingurugiro inpaktuak batetik, erregai fosilek klima aldaketan duten eraginagatik, eta baita oligopolio energetikoek maila geopolitikoan sortzen dituzten desorekei erreparatuta. Egoera honen aurrean, hiru erakundeek elkarlanean proposamen bat osatu dute mende laurden barrurako, eszenatoki "autosufiziente, berriztagarri eta nagusiki publikoa" sortzera bidean.
Murriztu eta publikotik berriztu
Ikerketaren ondorio nagusietako bat da posible dela energia kontsumoa nabarmen murriztea. Sektore bakoitzean neurri espezifikoak hartuta, aurreikusi dute erdira jaitsi daitekeela egungo kontsumoa, %51 murriztea, hain zuzen. Energia aztarna orokorra eta norbanakoen kontsumoa, biak jaitsi daitezke erdira ikerlarien arabera, 128 TWh-etik 63ra aztarna, eta 40MWh-tik 19 MWh-ra norbanakoen urteroko kontsumoa.
Murriztuta ere energia asko beharko litzatekeenez, energia berriztagarrietan inbertsio handia egitea proposatzen dute, lurraldeko beharrei erantzun ahal izateko. Zehazki, 37 GW-eko potentzia instalatzea proposatu dute, lehentasunez erabiliz teilatuak eta lursail ez emankorrak energia eolikoa eta fotovoltaikoa sortzeko, eta biomasaren hondakinak ere probestuz.
Trantsizio hau, "justua izateko", esparru publikoak gidatu beharko lukeela argudiatu dute txostenaren egileek, eta publikotik egin daitekeela azpimarratu dute. Ikerlarien kalkuluen arabera, aurrekontu nazionalaren %2,6 bideratuz gero neurri hauek garatzera, 2050. urterako lortu ahalko litzateke aipatutako energia kopurua, "instalazio berrien %65 jabetza publikokoa" izanda.
Proposatu duten etorkizuneko eszenatoki honetan herritarren oinarrizko beharrak asetzeko, ikerlarien arabera, egungo sorkuntza berriztagarria handitu beharko lukete Euskal Herriko zonalde guztiek, baina ezberdintasunak daude bakoitzak egin beharreko bideari erreparatuta. Nafarroan 2,6 aldiz handitu beharko litzateke egungo sorkuntza berriztagarria, Ipar Euskal Herrian egungo ekoizpena halako bost beharko litzateke (5,6), eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, aldiz, egun dugun gaitasuna 7,1 aldiz biderkatu beharko litzateke.