Zaballan preso zegoen pertsona bat hil dela ohartarazi du Salhaketak

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 28a

Zaballan jazotako beste heriotza baten harira egindako elkarretaratzea, apirilean. Argazkia: ALEA.

60 urteko preso bat hil zen joan den asteartean Zaballako espetxean, Salhaketa Araba elkarteak jakinarazi duenez. Elkarteak salatu du presoaren osasun egoera oso larria izan arren ez zirela legeak aurreikusten dituen neurri alternatiboak aktibatu, eta gardentasuna eskatu du. Elkarretaratzea deitu dute ostegun eguerdian, heriotza salatzeko.

Zaballako Araba espetxean preso zegoen pertsona bat hil zen asteartean. Salhaketa Araba presoen eskubideen aldeko elkarteak ohar publiko baten bidez eman du heriotzaren berri, eta doluminak helarazi dizkie hildakoaren senide eta gertukoei.

Elkarteak azaldu duenez, J.J.H. 60 urteko gizonezkoa zen, Bizkaian jaioa, eta Arabako espetxeko 3. moduluan betetzen ari zen zigorra. Salhaketaren arabera, haren osasuna aspalditik ari zen okertzen, eta narriadura kognitibo larria zuen; horren ondorioz, zailtasunak zituen izenak eta aurpegiak ezagutzeko. Espetxeak berak egoera hori aitortuta, presoa maiz eraman behar izaten zuten espetxeko erizaindegira, zaintza berezian izateko, elkarteak adierazi duenez.

Elkartearen iritziz, halako narriadura zuen pertsona batek espetxean jarraitzeak agerian uzten du ez zirela aplikatu egoera horietarako aurreikusita dauden neurri alternatiboak. Presoaren moduluko kideek Salhaketari jakinarazi diotenez, heriotzaren aurreko egunetan saihetsetan mina izan zuen presoak, eta gorozkietan odola ere topatu zuela ohartarazi dute. Eroriko bat ere izan zuen eta moduluko kideak harrituta gelditu zirela azaldu du elkarteak, "ez zuelako izan kolpe mota horretan espero zitekeen odoljariorik".

Oharrean jaso dute joan den uztailaren 20an espetxeko funtzionario batek eskatu zuela medikuek artatu zezatela presoa, bere egoera kaxkarra ikusita. Hasieran ezezkoa jaso bazuen ere, azkenerako ospitalera eraman zuten presoa, eta gau hartan bertan hil zen ospitalean.

Heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du Salhaketa Arabak uztailaren 30erako, ostegun honetan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, eguerdiko 12:00etan.

Espetxearen gardentasun falta salatu du Salhaketa Arabak, eta azaldu heriotzaren nondik norakoak ez dituela espetxe zuzendaritzak ezagutarazi, ezta osasun zerbitzuek ere. Hildakoa "denbora luzez modu informalean zaindu" zuten kide presoen bidez jakin du gertatutakoa elkarteak. Elkartetik salatu dute gizarteak eskubidea duela espetxe barruan zer gertatzen den "jakiteko eta eztabaidatzeko", baita zalantzan jartzeko ere zein diren presoen bizi baldintzak.

Era berean, Salhaketak azpimarratu du J.J.H.ren heriotza ez dela gertakari isolatu gisa ulertu behar. Elkartearen arabera, Zaballako espetxearen zaintzapean izandako heriotza ugari pilatu dira azken urteetan, eta kasu bakoitzak espetxe sistemaren eta justizia ereduaren inguruko gogoeta eskatzen du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago