Martxoaren 3a gogoratuko dute 'Kazetaritza, bertatik bertara' jardunaldietan

Anakoz Amenabar 2026ko uztailaren 27a

Irudia: 'Llach, la revolta permanent'.

Abuztuaren 24tik 28ra antolatutako egitarauak gatazka globalak, desinformazioa eta memoria historikoa bilduko ditu.

Martxoaren 3ko sarraskiak leku berezia izango du aurten, abuztuaren 28an, Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldietan, sarraskiaren inguruko bide penalak, nazioarteko auzitegien papera eta memoria espazioak aztertuko dituen saioan. Jose Ramon Garcia Plazaolak, Joana Abrisketak, Maider Marañak, Fernanda Zanuzzik eta Josu Santamarinak parte hartuko dute hitzaldietan.

Natalia Sancha kazetari eta ikertzaileak, bere aldetik, Los Nadies de la guerra argazki erakusketa aurkeztuko du abuztuaren 18tik irailaren 13ra Europa jauregiaren ondoan, gatazka militarretako biktima ahaztuak gogoratzeko. Abuztuaren 24an inaugurazio bisita gidatua egingo du Sanchak berak gaztelaniaz, eta arratsaldez euskara hutsezko bisita eskainiko du Ura Iturralde argazkilari dokumentalak.

Astean zehar, nazioarteko gatazka ezberdinak aztertuko dituzte. Abuztuaren 24an Natalia Sanchak Ekialde Hurbileko Pax Israeliana egoera aztertuko du, eta abuztuaren 25ean Ura Iturraldek Kubako krisia jorratuko du; Marc Ferrak, berriz, Marokoko errealitatera gerturatuko du publikoa. Abuztuaren 26an Jose Manuel Cuevas, Anna Bosch, Rafael Martin Rodriguez eta Myriam Redondo hizlariek geopolitika globala eta superbotereen arteko lehia izango dituzte hizpide.

Desinformazioak eta analitika digitalak ere beren tartea izango dute egitarauan. Abuztuaren 27an, Myriam Redondo kazetari eta irakasleak OSINT tekniken bidezko egiaztapena eta desinformazioa aztertuko ditu propaganda zein gerra-krimenak hautemateko, eta Rafael Martinek Txina barnealdetik nola eraiki den azalduko du.

Egitarau osoa Florida aretoko zineforumekin osatuko da gauero, 21:30ean. Proiektatuko diren film eta dokumentalen artean daude Balseros (abuztuak 24), Razzia (abuztuak 25), Mr. Nobody contra Putin (abuztuak 26), Made in China (abuztuak 27) eta, azkenik, Martxoak 3 elkarteko Amaiur Arbe eta Mevosako langilea izan zen Iñaki Martinek aurkeztuko duten Llach: La revolta permanent (abuztuak 28).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago