Araiako Umore Antzerkiaren Jaialdiaren 33. edizioa aurkeztu dute gaur. Arabako udako kultur hitzordu nagusietakoaren abuztuko programak 32 emanaldi bilduko ditu 11 konpainiaren eskutik. Ohi bezala, Araiako egitaraua Arabako beste 21 herritara zabalduko duen zirkuitu ibiltariarekin osatuko da.
Jaialdiak bere nortasunari eutsiko dio aurten ere: aretoko antzerkia eta kaleko ikuskizunak uztartuko ditu eta publiko mota guztiei zuzendutako proposamenak taularatuko ditu. Kartelaren ekarpen nabarmenetako bat Ron Lalá antzerki konpainia da, estatuko antzerki panoraman sarituenetakoa; Araian La Desconquista lana aurkeztuko dute, umorea, satira historikoa eta zuzeneko musika uztartzen dituen proposamena.
Jaialdiaren erdigunea Araia izango da, abuztuaren 13tik 16ra bitartean. Lau egun horietan hamar emanaldi eskainiko dira: lau Arrazpi Berri kiroldegian, eta sei herriko hainbat kaletan. Aldi berean, abuztuaren 3tik irailaren 11ra bitartean, kale antzerkia Arabako 21 udalerritara eramango duen zirkuitu ibiltaria egingo da, kultur eskaintza lurralde osora hedatzeko helburuarekin.
Areto barruko lau ikuskizun
Arrazpi Berri kiroldegian egunero 22:30ean izango dira emanaldiak. Egitaraua Sexpir Mal lanarekin hasiko da, abuztuaren 13an. Adriana Olmedoren konpainiaren komediak Shakespeareren lau tragedia handiak umorearen eta inprobisazioaren bidez berrinterpretatuko ditu. Hurrengo egunean, Las Reinas Kanpina taularatuko dute La Cuerda Teatroak eta Ttipia Kulturak. Umore beltza eta kritika soziala uztartzen dituen lanak gizartean errepikatzen diren botere harremanei buruzko gogoeta proposatzen du.
Abuztuaren 15ean, Erre Produkzioak konpainiaren La Virgen del Rocío se aparece porque se lo ha dicho su psicóloga komedia izango da ikusgai. Ironiaren bidez, gai unibertsalak jorratzen ditu, ama birjinak terapia saio batera joatea abiapuntu hartuta. Aipatu bezala, jaialdiari amaiera emango dio La Desconquista lanak, Ron Lalá konpainiaren eskutik.
Kale antzerkia eta zirku tailerra
Kaleko programazioak ere protagonismo berezia izango du 33. edizioan. Abuztuaren 13an Caricatos (La Belle École) eta Meraki (Edu Manazas) izango dira. Azken hori iazko edizioan ezin izan zen taularatu eguraldi txarraren ondorioz, eta aurten itzuliko da jaialdira. Gainera, ostiralean, Edu Manazasek familientzako zirku tailer parte hartzailea eskainiko du, malabarismoa, oreka eta akrobaziak ezagutzeko aukera emanez.
Abuztuaren 14an, Claudette (Maleta Company & Cie. Balancetoi) izango da ikusgai; larunbatean programaren euskarazko obra bakarra: Azkena eta bagoaz (Trapu Zaharra); eta igandean Atsoak dantzan (Pikor Teatro) eta Does (Los Barlou) izango dira kaleak girotzen.
Antzerkia Arabako 21 herritan
Araiatik harago, jaialdiak kale antzerkia Arabako 21 herritara eramango du. Guztira 22 emanaldi eskainiko dira bost ikuskizunen bidez. Araiako programazioan ikus daitezkeen lanez gain, The Return of Delirios (OseteDelirios) ikuskizuna zirkuitu ibiltarian soilik ikusi ahal izango da.
Zirkuituak Amurrio, Artziniega, Atauri, Berantevilla, Dura, Eltziego, Izarra, Bastida, Lantziego, Laudio, Luiaondo, Manzanos, Maeztu, Oion, Okina, Okondo, Larrazubi, Agurain, Villabuena, Zaitegi eta Zuhatzu-Kuartango bisitatuko ditu.
Sarrerak, abuztuaren 1etik aurrera
Areto barruko ikuskizunetarako sarrerak eta jaialdi osorako abonua abuztuaren 1ean jarriko dira salgai, jaialdiaren webgunearen eta Entradium plataformaren bidez. Abonuak abuztuaren 11ra arte erosi ahal izango dira.
Abonuaren prezioa 44 eurokoa izango da, eta banakako sarrerena 15 eurokoa. Horrez gain, Arrazpi Berri kiroldegian aurrez aurreko salmenta ere egingo da abuztuaren 1ean, 2an, 8an eta 9an, 12:00etatik 14:00etara. Ikuskizun bakoitzerako txartelak, halaber, emanaldia hasi baino ordubete lehenago eskuratu ahal izango dira txarteldegian.
