Literaturak ETAren terrorismoa nola jorratu duen aztertu dute

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 23a

Hainbat idazlek parte hartu dute erakusketaren inaugurazioan. Argazkia: TERRORISMOAREN BIKTIMEN OROIMENERAKO ZENTROA

Gaiari buruzko erakusketa bat azarora arte bisitatu ahalko da Gasteizen, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroan.

Zauria kontatzen, ETAren biktimak eta literatura izeneko erakusketa inauguratu du Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak, literaturak ETAren terrorismoaz egin duen tratamendua aztertu asmoz. Besteak beste, erakusketak azaltzen du nola gehienbat lehen euskal literaturak —bai euskaraz zein gaztelaniaz idatzitakoa— "militante" gisa aurkezten zituen etakideak, bai erailketen "egile" zein "biktima" gisa. 

Astearte honetan egin dute aurkezpena, Roncesvalles Labiano erakusketaren komisario eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleak, Florencio Dominguez Memorialeko zuzendariak eta Fernando Aramburu, Luisa Etxenike zein Irati Goikoetxea idazleek bertan parte hartu dutelarik. Erakusketaren inaugurazioa Patria eleberria argitaratu zelako hamargarren urteurrenarekin batera egin da.

Dominguezek nabarmendu duenez, Fernando Arambururen lana 35 hizkuntzatara itzuli da, eta milioi eta erdi ale baino gehiago saldu ditu. Haren esanetan, liburuek "terrorismoaren gaitzari buruzko memoria kolektiboa mantentzen laguntzen dute".

Roncesvalles Labianok, berriz, Raul Guerra Garridoren irudia azpimarratu du, ETAren aurka eta biktimekin batera kokatu zen idazle aitzindaritzat joz. Haren esanetan, Aramburuk, Etxenikek, Goikoetxeak eta beste hainbat egilek "hitzak jarri zituzten askotan isiltasuna nagusi izan zen tokian", eta lagundu dute biktimak "estatistika edo erreferentzia historiko huts" bihur ez daitezen.

Etxenikek azaldu du bere eleberri batzuetan ETAren biktimen ikuspegia hartu duela ardatz, haiei terrorismoaren zama gainditzen lagunduko dien ahotsa emateko asmoz. Irati Goikoetxeak, aldiz, euskal literaturan ETAren biktimek izan duten presentzia urria izan zuen hizpide. Bere 'Herriak ez du barkatuko' lanean gogoeta hori jorratu duela adierazi du, eta pozik agertu da eleberriak biktimen mina baztertu edo indarkeria justifikatu zuten zenbait irakurlerengana iritsi delako. 

Aramburuk, berriz, azaldu du bere "konpromiso literarioa" 1984an Enrique Casas senatari sozialistaren hilketaren ondoren sendotu zela. Gainera, Donostiako Ibaeta auzoan bere etxetik gertu izandako atentatu batek kontzientzia piztu ziola gogoratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago