Hondakin berezien gaikako bilketa indartzeko 291.500 euroko aurrekontua bideratuko du Arabako Foru Aldundiak lurralde osoan. Gobernu Kontseiluak Elder SL enpresari esleitu dio puntu berde mugikorraren zerbitzua, etxeetan, saltoki txikietan eta enpresa txikietan sortzen diren eta ohiko edukiontzietan utzi ezin diren hondakinak biltzeko eta kudeatzeko ardura izango duena.
Puntu berde mugikorrak bolumenagatik edo ezaugarriengatik edukiontzi arruntetan utzi ezin diren hondakin bereziak jasotzen ditu, ondoren behar bezala tratatu eta kudeatzeko. Foru erakundearen arabera, zerbitzuak hondakinen kudeaketa jasangarria sustatzen lagunduko du, "herritarrei eta enpresa txikiei birziklapena errazago egiteko baliabideak eskainiz eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua indartuz".
Sare zabala
Sarea edukiontziekin hornitutako hiru ibilgailuk osatzen dute, eta Arabako herrigune gehienetara iristen da. Gaur egun, 348 herritan eskaintzen da zerbitzua, dagoeneko garbigune propioak dituzten udalerrietan izan ezik.
Hondakinen bilketaz gain, kontratuak bestelako eginkizunak ere jasotzen ditu: herritarrei arreta ematea, jasotako materialak egokitzea, haien garraioa eta kudeaketa koordinatzea, ibilgailuen mantentze eta garbiketa lanak egitea eta ingurumen hezkuntzako jarduerak garatzea. Kontratuak bi urteko iraupena izango du, eta urtez urte luzatu ahal izango da beste hiru urtez, gehienez bost urteko epea osatu arte.