Arabako sei udalek 70.000 eurotik gorako laguntzak jasoko dituzte turismoa sustatzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 22a

Txirrindularientzat asteburua antolatuko dute Gaubean. Argazkia: PHOT.OK

Turismo bulegoa edo informazio gunea duten udalerriek jasoko dituzte diru laguntzak: Gasteizek, Amurriok, Eltziegok, Guardiak, Bastidak eta Gaubeak.

Arabako Foru Aldundiak 70.102 euro banatuko ditu Arabako sei udalerriren turismo proiektuak finantzatzeko. Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntzaren helburua da turismo eta aisialdi eskaintza indartzea, bisitariei zerbitzu hobeak eskaintzea eta toki erakundeen sustapen tresnak hobetzea.

Turismo bulegoa edo informazio gunea duten udalerriek jasoko dituzte diru laguntzak. Hala, Gasteizek 22.500 euro jasoko ditu publizitate kanpainak, bisita gidatuak eta sustapen materialak finantzatzeko. Amurriok  bere aldetik 12.944 euro izango ditu Vermuteke ekitaldia, tokiko produktuen azoka eta turismo bulegoaren kudeaketa bultzatzeko.

Bestalde, Eltziegok 11.304 euro jasoko ditu bisita antzeztuak eta Ardoaren eta Musikaren Astea zein Lorearen eta Baratzearen Merkatua bezalako ekitaldiak sustatzeko. Guardiak, berriz, 11.210 euro jasoko ditu Guardia lursail ardoan ekitaldia antolatzeko eta argazki erreportaje bat egiteko.

Gaubeak, berriz, 7.143 euro jasoko ditu egutegi bat argitaratzeko eta bizikletaren inguruko Valdegobike asteburua antolatzeko. Bastidak 5.000 euro izango ditu turismo bulegoaren kudeaketarako.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago