Arabako herrietako jaiez autoa hartu gabe gozatzeko aukera eskainiko du aurten ere Vital Fundazioak. Jaietara joan etorriak egiteko Jaibus autobus zerbitzua eskainiko du, bai Andre Maria Zuriaren jaietara joateko, zein lurraldeko beste hamahiru udalerritako jaietara gerturatzeko.
Gaurtik aurrera egin daitezke bidaien erreserbak fundazioaren webgune honetan. Bidaia bakoitzaren aurreko eguneko 13:00ak arte egoten da zabalik epea, baina plaza mugatuak dira. Salbuespen gisa, Andre Maria Zuriaren jaietarako izen emateak abuztuaren 2ko 19:00etan itxiko dira, eta Buradon Gatzaga, Espejo, Ekora, Moreda eta Lapuebla de Labarcako jaietarako epea, berriz, abuztuaren 20ko 13:00etan. Zerbitzuaren prezioa 5 eurokoa da, joan etorria egiteko.
Gasteizko jaietarako bost ibilbide eta ordutegi bereziak
Abuztuaren 4an, asteartea, Gasteizko jaien hasierara hurbildu nahi dutenek bost ibilbide izango dituzte aukeran: hiru Arabako Errioxatik eta bi Aiaratik. Irteerak 23:30ean izango dira Moreda Arabatik, Lapuebla de Labarcatik, Ekoratik eta Amurriotik; Laudiotik, berriz, 23:15ean irtengo da autobusa. Itzulerako bidea asteazken goizaldean izango da, abuztuaren 5ean, 7:30ean.
Ibilbideek Errioxako eta Aiarako hainbat herri lotuko dituzte: Moreda, Oion, Ribabellosa, Lapuebla de Labarca, Eltziego, Samaniego, Bastida, Buradon Gatzaga, Ekora, Lantziego, Bilar, Guardia, Zanbrana, Berantevilla, Armiñón eta Argantzun, besteak beste.
Arabako jaietara 23 ibilbide eta 13 helmuga
Abuztuan zehar Araban izango diren beste jaietarako 23 ibilbide programatu dituzte Jaibus Vital zerbitzuan:
- Abuztuaren 1ean: Zanbrana eta Narbaiza
- Abuztuaren 8an: Bastida
- Abuztuaren 14an: Langraiz Oka eta Leza
- Abuztuaren 15ean: Villanañe
- Abuztuaren 22an: Moreda Araba, Buradon Gatzaga, Espejo, Ekora eta Lapuebla de Labarca
- Abuztuaren 28an: Oion
- Abuztuaren 29an: Ribabellosa
Autobusak 23:30ean abiatuko dira ibilbidearen lehenengo puntutik, eta itzultzeko bi aukera egongo dira: 3:30ean edo 6:00etan. Zenbait herrik ordutegi bereziak izango dituzte, hala nola Zanbrana, Narbaiza, Langraiz Oka, Villanañe, Ekora eta Oionek.
Ibilbide eta ordutegi zehatzak Vital Fundazioaren webgunean kontsulta daitezke. Informazio gehiago eskuratzeko telefono bat jarri dute eskuragarri Jaibus Vital zerbitzuan: 945 203 459.