Arabako Garraio Partzuergoa sortzeko bidea marrazten hasi dira erakundeak

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 20a

Jaurlaritza, aldundia eta udala koordinatuko dira Partzuergo berrian. Argazkia: AFA.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak urrats erabakigarria eman dute Arabako garraioa kordinatzeko tresna berria eratzeko. Arabako Mugikortasun Agintaritza erakundea ordezkatuko du, eta aurreikuspenen arabera 2027ko lehen seihilekoan eratuko da.

Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) Arabako Garraio Partzuergoa sortzeko ibilbide orria onartu du, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren adostasunarekin. Erakunde berriak egungo AMA ordezkatuko du, eta aurrerantzean Partzuergoa izango da tresna iraunkorra lurraldeko mugikortasun eta garraio publikoaren plangintza eta kudeaketa koordinatzeko.

Datozen hilabeteetan egin beharreko urratsak zehaztu dituzte akordioan. Lehenik eta behin estatutuak idatziko dituzte, eta erakunde berriaren gobernantza eredua diseinatu. Aurreikuspenen arabera, Partzuergoa 2027ko lehen seihilekoan eratuko da juridikoki, Arabako Foru Aldundiari lotutako erakunde gisa.

Erakunde berriaren helburua da hiru administrazioen arteko lankidetza sendotzea, mugikortasunaren plangintza integratua sustatuz eta garraio publikoaren koordinazioa hobetuz. Azaldu dutenez, sistema "eraginkorragoa, jasangarriagoa eta herritarren beharretara hobeto egokitua" garatu asmo dute aldaketaren bidez.

Proiektuak bidea erraztuko du, gainera, Alavabus, Eskualdeko Garraioa, TUVISA eta Gasteizko tranbiaren tarifak integratzeko. Jon Nogales foru diputatuaren arabera, aukera emango du hobariak ezartzeko operadoreen arteko garraio aldaketetan, eta zenbait kasutan aldaketa horiek doakoak ere izan ahal izango dira.

Beatriz Artolazabal AMAko presidenteak nabarmendu du akordioak erakundeen arteko lankidetza eta ikuspegi partekatua islatzen dituela, Arabari garraio publikoaren kudeaketa hobetuko duen tresna egonkorra emateko helburuarekin. Miguel Angel Paez sailburuordeak, berriz, azpimarratu du Partzuergoa funtsezko oinarria izango dela Arabako tarifa integraziorako eta Euskadi mailan sustatu nahi den mugikortasun eredurako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago