Faxismoari erantzuteko, "fronte zabalak" antolatzeko deia egin dute

Anakoz Amenabar 2026ko uztailaren 20a

Katedral berriaren aurrean egin dute alderdi aurrerakoiek elkarretaratzea. Argazkia: U18MANIFESTUA

1936ko kolpearen urteurrenean agerraldi bateratua egin dute EH Bilduk, Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk, Equo Berdeek eta Sumar mugimenduak.

Eskuin muturraren "erasoaldi globalari" aurre egiteko, "fronte zabalak" antolatzeko deia egin dute EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Sumar alderdiek. Espainiako II. Errepublikaren aurkako estatu kolpearen 90. urteurrenean, elkarretaratze bateratua egin dute larunbat honetan Gasteizko Katedral berriaren aurrean, eta "izaera plurinazionaleko proiektu progresista" baten beharra aldarrikatu dute.

Agerraldian Rocio Vitero, Oscar Fernandez eta Garbiñe Ruiz zinegotziek irakurritako manifestuan ohartarazi dute gaur egun faxismoak "mozorroa kendu" duela. Salatu dutenez, PPk eta Voxek osatutako "bloke erreakzionarioa" hainbat gobernu autonomikotara iritsi da eta "konplexurik gabe gobernatzen" du, bizitza politiko zein instituzionala judizializatuz. Testuinguru global horretan kokatu dituzte aniztasun sexualaren aurkako erasoak, indarkeria matxistaren gorakada eta migratzaileak jomugan jartzen dituzten diskurtsoak. Alderdien esanetan, egungo botere faktikoek ateak ixten dizkiote estatua demokratizatzeko edozein aukerari.

Egoera honen aurrean, deitzaileek azpimarratu dute estatu zein Europa mailan eraiki beharreko fronte antifaxista horrek "ilusioa piztuko duen alternatiba erradikalki demokratikoa" eskaini behar diela herritarrei, bizi duten ziurgabetasunaren aurrean segurtasuna emateko. "Prozesu horretara sektore demokratiko guztiak biltzera deituta daude, eskubide sozial, kolektibo eta nazionalak blindatu eta zigorgabetasuna eta ustelkeria amaituko dituen herri prozesu berri batean indarrak metatzeko".

Egungo olatu erreakzionario horren sustraiak eta inpaktua historikoak direla gogorarazi dute. "Franco ohean hil zen, baina frankismoaren ondareak diktadoreari biziraun zion", salatu dute zinegotziek, eta horren adibide argitzat jo dute Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko sarraskia, aurten mende erdia bete duena eta oraindik epaitu gabe jarraitzen duena. Ordezkarien hitzetan, erregimenaren oinordekoek urteetan politikari, epaile edo kazetarien artean ezkutatuta egon ostean, gaur egun "ez dute ezkutatzeko beharrik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago