Aspaldiko partez Lorenzok protagonismoa galduko du, hodeien aldean. Euskalmeten arabera, behe hodeiak izango ditugu, eta zirimiria edo zaparrada bakanen bat bota dezake. Haizearen osagai nagusia iparraldekoa izango da: lasaiagoa goizean, arratsaldean bolada gogorrak izan ditzake. 15 eta 23 gradu arteko alde termikoa izango dute Gasteizen.
Asteburuari begira, larunbatean oraindik zeru hodeitsuak izango ditugu goizean, eta zirimiri pixka bat egin dezake, baina arratsaldearekin batera garbitzera egingo du. Igandean, berriz, goiz lanbroarekin esnatuko da eguna, baina ondoren goi hodei batzuk baino ez dira egongo, eta eguna eguzkitsua izango dela espero da. Halere, ez dugu azken asteotako beroa jasan beharko. Bi egunetan, maximoak 24 graduren bueltan egongo dira, eta 14-15 artean minimoak.