Garai azkarretan janari motela saritu dute beste behin Araban

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 16a

Arabako gozogintzaren erreferentea bilakatu da Sosoaga hamarkadetan zehar. Argazkia: Sosoaga.

Arabako eta Gasteizko gozogintza eta opilgintzaren alde egindako "ekarpen aparta" aitortzeko, Slow Food Arabak 2026ko Sariak banatu ditu. Luis Lopez de Sosoaga omenduko dute, hil ondoren, eta Isidoro Torreblancari ere emango diote aurtengo saria. Sari banaketaren ekitaldia uztailaren 25ean izango da.

Slow Food Arabak 2026ko Slow Food Araba Saria emango die Luis Lopez de Sosoagari eta Isidoro Torreblancari, Arabako gastronomiaren eta opilgintzaren historian utzitako arrastoagatik. Aintzatespena uztailaren 25ean egingo da ofizial, Arabako Foru Aldundiak antolatutako Santiago Nekazaritza Azokaren baitan. Elkartearen arabera, bi profesionalek lurraldeko nortasun gastronomikoa eraikitzen lagundu dute hamarkadetan zehar.

Jose Antonio Arberas Slow Food Arabako presidenteak nabarmendu du sariaren helburua ez dela soilik bi ibilbide profesional bikain aitortzea, baita "artisau lanbide baten balioa azpimarratzea" ere. Haren hitzetan, "gozogintzak eta opilgintzak ekarpen handia egin diote Arabako kultura gastronomikoari". Sari banaketaren ekitaldia 14:00etan izango da.

Gozo arteko bizitzak

Luis Lopez de Sosoagak leku berezia du Arabako gozogintzaren historian, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Haren ekarpenik ezagunena Goxua postrea izan da. Denborarekin, Gasteizko eta Euskal Herri osoko ikur gastronomiko nagusietako bat bihurtu dela azpimarratu dute, eta "haren sortzailearen izena betiko lotuta geratu da euskal gozogintzaren historiari".

Bestalde, Isidoro Torreblancak hamarkadetan gidatu du Txistu gozotegia, eta laster emango dio lekukoa beste belaunaldi bati. Slow Food Arabaren arabera, haren jarduna "sormenak, berrikuntzak eta bikaintasunarekiko konpromisoak" markatu dute. Halaber, Arabako Gozotegi eta Gozoki Denden Elkartean parte hartu izan du urte askoan, eta baita hainbat elkarte gastronomikotan ere. "Sektorearen prestigioa indartzen" lagundu izanagatik jasoko du omenaldia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago